'Bidexka' film laburreko protagonista izan nahi duzu?
Donostiarrek aukera izango dute Borja Kobeagaren pelikulan parte hartzeko, igandean.
Kalebegiak proiektuaren baitan dago pelikula, eta helburua da Donostiaren erretratu bat egitea, hamabost zinemagileren begiradaren bidez. Egile horien artean, ospe handikoak, ibilbide luzeko profesionalak eta hasiberriak daude.
Donostia 2016k deia egin du Borja Kobeagaren Bidexka film laburrean parte har dezaten donostiarrek. Parte hartzeko prest dauden lagunek gerturatu beharko dute Groseko Peña Goñi kalera, igandean, 9:00etan. Film laburraren izena eta eszena nagusia da filmatuko dutena; eta, guztira, 300 lagunen partehartzea behar dute, Zurriola hiribideko espaloiak betetzeko.
Kobeagak berak eta Diego San Jose irundarrak idatzi dute akziozko film laburra. Bertan, anbulantzia bat agertuko da, Gros arrapalada batean zeharkatzen, larrialdi bat dela eta. Anbulantzian doazen gidari eta erizainen bizipenak kontatuko ditu. Deialdi honen helburua da hiria bera azaltzeaz gain, donostiarrak izatea protagonista.