Auzoetako jaien denboraldia hasiko da gaur, ostirala, Morlansen, prestatu duten hiru eguneko egitarau zabalarekin; igandeko jarduerak iluntzera arte luzatuko dituzte lehen aldiz.

Morlanstarrak, Leire plazan, jaietaz gozatzeko prest. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Morlanstarrak Auzo Elkartearen ekimenez berreskuratu zituzten jaiak, 2013. urtean, auzoari bizitasuna eta batasuna emateko. Lehenengo urtean egun bateko jaiak prestatu bazituzten ere, ondorengoetan hiru egunetako festa antolatu izan dute. Aurten ere halaxe izango da, baina igandeko jarduerak iluntzera arte luzatuko dituzte. Gaur, ostirala, emango diete hasiera, indarrak hartzeko haur askariarekin (18:00etan), eta zuziaren jaistearekin eta faroltxoaren piztearekin (19:00etan).
Aipatu bezala, duela hiru urte berreskuratu zituzten jaiak: «Ustez, auzo berri batera iritsi ginen. Baina konturatu ginen betiko auzoa –Morlans Zaharra– ondoan genuela. Horregatik, beraiekin hitz egin ondoren, auzo elkartea sortu eta jaiak berreskuratu genituen», azaldu du Morlanstarrak auzo elkarteko Miren Arratibelek.
Izan ere, elkartearen helburua da auzo osora heltzea, eta Morlanseko goiko ingurua aparte gelditzea ez dute nahi: «Badu bere xarma, bere istorioa, bere txokoak… Garai bateko altxorrak. Eta informazio hori guztia betiko auzoko jendeak dauka; horregatik, beraien bitartez ari gara auzoaren historia ezagutzen».
Jaietako lehen urtea «gauza xume bat» izan arren, jende asko animatu zen; eta, aurten ere, auzotar ugari gogotsu daudela dio elkarteko kideak.
Morlansko jaien ikurra iaz irudikatu zuten lehen aldiz, faroltxoaren piztearekin: «Gas fabrika zegoen garaian, kaleko farolak pizten ziren, eta hortik hartu genuen ideia», adierazi du Arratibelek. Hala, auzo elkartearen ikur ez ezik, jaietakoa ere bilakatu dute.
Bizilagunen omenez
Hain zuzen ere, jaietako lehen egunean eurentzat oso berezia den zuzia jaitsi eta faroltxoa pizten dute: «Goiko bizilagunak omentzen ditugu –normalean, adineko pertsonak–, eta, behean, auzo gazteagoa delako, haurrak. Horrek ematen die hasiera jaiei, eta guretzako esanahi handiko ekitaldia da», esan dute auzo elkartekoek.
Iaz, jarduera horretan, auzoarentzako bertso bat egin zuten. Oholtzan abestu zuten batzuk; baina, aurten, Morlansko guztiek kantatzea nahi dute, auzoko abesti bihurtu. Horretarako, zabaltzen ari dira abestiaren hitzak euren artean.
Egitarauari dagokionez, «saiatzen gara auzoan ateratzen diren gauzei tartea egiten. Adibidez, urtean zehar dantza ikastaro bat egiten ari gara, eta hori aurtengo jaien egitarauan sartzea erabaki dugu, auzoko jarduerak kalean ere tartea eduki dezan», azaldu du elkarteko kideak.
Era berean, futbolean jokatzeko lagun talde bat geratzen da astean zehar, eta hori ere jaietara ekarriko dute. Izan ere, futbol txapelketa bat egingo dute horren harira.
Larunbata luzatu eta gaueko eskaintza zabaltzeko asmoz, bi taldek joko dute: Morlans bertako Radiocaster eta Ingo Al Deu.
Bestalde, Arratibelek nabarmendu du igande arratsalderako «ekitaldi desberdin eta berezi bat» egingo dutela: «Iaz musika eskolekin jarri ginen harremanetan, eta kontzertu oso polita egin genuen. Baina eguraldiarekin ez zen oso ikusgarri gelditu. Horregatik, aurten, Big Band eta dantzari batzuekin sortuko dugu emanaldia. Indartsua izango da».
Danborrada, sardina jatea, haurren eta helduen karaokeak, lehiaketak, auzo bazkaria, haurrentzako tailerrak, erraldoiak eta buruhandiak, parrilada, apar festa… Jarduera ugari izango dituzte aukeran bertaratzen direnek, adin guztietara egokitutako egitarau zabalari esker.
Lan talde txikien apustua
Jai batzordearen antolaketaren gainean ere hitz egin du Arratibelek: «Jende askorekin ibiltzea zaila da, eta, askotan, ez da oso eraginkorra izaten. Horregatik, aurten egin dugu apustu handiago bat lan talde txikiak sortzeko. Jendea inplikatzea errazagoa izango zelakoan».
Hala, jai batzordeak koordinatuta, taldetxo bakoitza jarduera batzuen ardura hartu du, eta horiek antolatzen aritu da. Esaterako, haurrentzako jarduerak egiten dituzte talde batean, herri kirolak beste batean…
Hortaz, lortu dute jaietan jende gehiagoren artean antolatzea: «Jaiak iristean, urtean zehar ezin izan duenak ere laguntzen du. Jendea oso prest egoten da, nahiz eta aurretik aukerarik ez izan», nabarmendu dute auzotarrek.
Horrekin lotuta, jaiak antolatzeko auzoko zein inguruko enpresa eta partikularrek asko lagundu dietela adierazi dute auzo elkartekoek: «Eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzen ibili diren guztiei. Morlansek ez duenez komertzio gehiegirik, auzotik kanpokoek ere asko lagundu dute».
Beraz, auzotar zein donostiar guztiei gonbitea luzatu diete Morlanstarrakeko kideek: «Ekitaldi politak daude, edonork parte hartzeko eta disfrutatzeko. Gainera, denentzako lekua soberan dago!».