GuraSOS mugimendua errauste plantaren aurkako sinadurak biltzen ari da
Errauste plantak euren seme-alaben osasunean izango duen eraginak kezkatuta agiri bat atera dute.
GuraSOS mugimendua sortu dute hainbat gurasok, errauste plantak euren seme-alaben osasunean izango duen eraginak kezkatuta. “Zuek bezalako guraso, aitona-amona eta osaba-izebak gara”, azaldu dute.
“Interes politiko eta ekonomikorik” gabe sortu dira: “Bakar-bakarrik gure seme-alabak babestu nahi ditugu”. Ideologia eta mundu ezberdinetako kideen elkarlanetik sortu da GuraSOS: “Elkartzen gaituena, gure txiki eta gaztetxoen osasuna babestea da”, azaldu dute.
Osasuna, da guraso talde honen kezka nagusia. Bi arrazoi nagusi azpimarratu dituzte kezka horren iturburu bezala:
- Berriki Gipuzkoako agintarien Biodonostirekin batera hitzartu duten azterlan epidemiologikoa. Azaldu dute, azterketa honen behar soilak frogatzen duela “arrisku” baten aurrean gaudela.
- Eusko Jaurlaritzak 30km-ko diametrodun eragin-eremu bat onartu izana. GuraSOS taldearen ustez, horrek adierazten du erraustegiak ingurumenean duen eragina: “Eragin-eremu horretan 200 hezkuntza-zentro daude, gurea eta zuena tartean. Donostiako ospitale-gunea eta Onkologikoa ere eragin-eremu honen barruan aurkitzen dira”.