Giza katea egingo dute Norteko geltokitik Easoko geltokira eta herritarrak aktibatzea da helburua.
Inaxio Oiarzaba, Gentzane Callejo, Gurutz Sanzberro eta Idoia Ibero. (Argazkia: Malen Aldalur)
Euskal preso politiko eta iheslarien giza eskubideak errespetatzeko urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan egindako manifestazioaren ostean sortu zen Hartu Trena dinamika. Helburu nagusia da ahalik eta eragile eta norbanako gehien aktibatzea, eta nor berak bere inguruan eragitea.
Maiatzaren 14an iritsiko da trena Donostiara. Dinamikaz eta asteburuko jarduerez hitz egiteko Idoia Ibero (Gros, 1964), Gurutz Sanzberro (Egia, 1964), Inaxio Oiarzabal (Parte Zaharra, 1986) sarekideekin eta Gentzane Callejo (Aiete, 1947) gaixo dagoen Jagoba Codo presoaren senidearekin egon da Irutxuloko Hitza.
“Herrigintzan konpontzeko dauden hainbat puntu irudikatu nahi ditu Hartu Trena dinamikak”, azaldu du Iberok. Hala, bi geltoki nagusi daude ibilbidean; bata, preso eta iheslarien giza eskubideak errespetatzea; eta, bestea, preso eta iheslarien etxeratzea.
Geltokiz geltoki joango da trena, baina xedea ahalik eta bagoi eta bidaiari gehien igotzea dela azaldu dute. “Bagoi ezberdinen bitartez gizartea aktibatu nahi da, bagoiak herri batek edo kolektibo batek sortu ditzake; esate baterako, mendizaleek, kulturgileek edo kirolariek”, esan du Oiarzabalek.
Maiatzaren 14an eta 15ean herri eta hiri askotan egin nahi dituzte jarduerak, horrela, bagoi eta bidaiari berriak lortzeko. Bakoitzak bere dinamikak antolatu ditu. Donostian, giza katea egingo dute Norteko geltokiaren eta Easokoaren artean.
Bi dira Donostiako tren geltokiak lotzeko arrazoiak; alde batetik, Hartu Trena dinamika irudikatzea, eta bestetik, giza katearen bidez Egia eta Amara elkartzea. Izan ere, Egiakoa da Carlos Trenor 72 urteko presoa eta Amarakoa Jagoba Codo preso gaixoa.
Treneko ateak irekita
“Ezin gara ohiko mobilizazio handiekin bakarrik geratu”, azaldu du Iberok. Horregatik, pauso bat gehiago emateko ordua dela uste dute sarekideek. Izan ere, haien hitzetan “ulertezina” da oraindik egoera honetan egotea.
Hori dela eta, uste dute beharrezkoa dela giza eskubideen alde «denok» urratsak egitea, “horrela bakarrik lortuko dugu gatazkaren konponbidean aurrera egitea”.
Trena hartzera gonbidatu nahi dute jendea: “Trenaren ateak ireki eta itxi egiten dira, nahi duena igo daiteke eta nahi duen geltokian jaitsi”, azaldu du Oiarzabalek. Helburua, lehen geltokira, hau da, giza eskubideak errespetatzearen aldeko geltokira, ahalik eta jende gehien iristea da. “Hortik aurrera, nahi duena jaitsi dadila eta nahi duenak jarraitu dezala presoak etxean izan arte”, azaldu dute.
Espondilitis ankilosantea du Codok. Hamar urte preso eman ostean ekarri zuten Donostiara, hortzetako arazo bat tarteko. Donostian igaro zituen bost urte, baina gaixotasun larria zuela jakin eta gutxira eraman zuten berriro Castellonera bueltan.
Callejok salatu du, han bost hilabete pasa zituela zaintza medikurik gabe. Gero, Auzitegi Nazionalean eskatu zuen tratamenduarekin jarraitzeko, eta orduan hasi ziren Castellongo ospitalera eramaten. “Kontua da, zerotik hasi zirela diagnostikoarekin, hemengo medikuek diagnostikatutakoa aintzat hartu gabe”, azaldu du.
Gaineratu duenez, presondegitik Castellongo ospitalera egiten dituen bidaiak ordu eta erdi inguru irauten dute: “Eskuburdinak jarrita eraman eta ekartzen dute eta leher eginda bueltatzen da ziegara”. Orain, Donostiara bueltan ekartzeko ahaleginak egiten ari dira senideak.
Iberok salatu du Donostiako preso guztiak daudela sakabanatuta; eta, beraz, dei egin die donostiarrei lehenengo geltokiraino “gutxienez” elkarrekin joatera.
Giza katea larunbatean
Norteko geltokian elkartuko dira, eta handik denak batera abiatuko dira Easoko geltokiraino. “Giza sare bat egitea da asmoa baina mugimendua egongo da”, azaldu du Iberok.
Eason hitzartzea egingo dute 13:00etan, eta Zazpi Jauzi dantza herrikoia dantzatuz bukatuko dute: “Dinamika polita iruditzen zaigu, ilusio handiz antolatu dugu, eta modu polit batean bukatuko dugu”.
Presoen aldeko jaia egingo dute Antiguan
Presoak Antiguara taldeak egun osoko egitaraua antolatu du larunbaterako. Eguerdian, 12:00etan, giza katea egingo dute, Benta Berri plazatik abiatuta eta Gaskonia plazara arte. Ondoren, elkarretaratzea egingo dute Gaskonia plazan bertan.
Bazkari herrikoia egingo dute Dokan, 14:00etan. Bazkalostean, bingoa: eta, egunarekin bukatzeko, kontzertuak eskainiko dituzte leku berean.
Musika taldeen txanda izango da, 19:30ean: Tajon Prieto y los kuajalotes, Proiekto Nonbre eta Ze Esatek!. Azkenik, festarekin ordu txikiak arte jarraitzeko, Lamiendo las orugas DJak.
Kontzertuetako eta bazkariko sarrerak salgai daude Plateron eta Trikuharrin, 7 euroren truke. Bazkarira ere joan nahi duenarentzako 15 euro ordaindu beharko ditu.