Usteak erdia ustel
Etorkinen inguruko aurreiritzi eta zurrumurruei aurre egiteko sare bat osatu dute: ZAS! Orain arte borroka horretan diharduten norbanako, eragile eta erakundeak elkartu dira taldean.
Datuak, usteen aurka
Sare sozialak, eta batez ere Zurrumurrurikez.eus webgunea izango dira ZAS!-en lanerako tresna nagusia. Atari argia eta zuzena da, eta hainbat tresna eskaintzen dituzte zurrumurru, aurreiritzi edo usteak identifikatu eta hauei aurre egiteko. Silvana Luciani donostiarra SOS Arrazakeriako kidea da, eta ondo ezagutzen du borroka hau. Bost urte daramatza SOS Arrazakeria taldeak han eta hemen tailerrak eta hitzaldiak ematen. Jendarteak kontzientzia hartzea dute helburu, eta batez ere, uste oker eta zurrumurruek etorkinen gizarteratzean eragiten dituzten zailtasunak saihestu nahi dituzte.Hirian ‘gu eta haiek’ formularen baitan bizi dira oraindik herritarrak. Silvana Luciani, SOS Arrazakeria.Izan ere, zurrumurruen aurrean, sentimenduen bidez erantzuten du jendeak eta, orohar, tira-birak sortzea besterik ez da lortzen. Enpatiaz jokatu, entzuten jakin, eta nola erantzun ikasiz, emaitza hobeak lortzen dira: “Zurrumurruak zabaltzen ari den pertsona horri pentsaraztea da helburua; gogoeta egin dezala. Pixka bat pentsatzen bada, zurrumurruak bere kasa erortzen dira”, uste du Lucianik. Hamabi ataletan sailkatu ditu ZAS!-ek zurrumurruak. Eta euren atarian uste horiek hankaz gora jartzen dituzten datu errealak eskaintzen dituzte. Donostia ez da salbuespen bat etorkinen inguruko zurrumurruen zurrunbiloan. Aztikerrek eginiko azterketa batek erakutsi zuen Donostia oso hiri anitza den arren, bertako eta jatorri ezberdineko herritarren arteko elkarbizitza oso eskasa dela. Luciani bat dator datu horrekin. Horregatik, SOS Arrazakeriak hiru urte daramatza zurrumurruen kudeaketa egokiaren inguruko tailerrak eskaintzen, eta orain ikastetxeetan ari dira lanketa berezia egiten. Aniztasuna errealitate bat dela nabarmentzen du Lucianik: “Oso argi izan behar dugu zer motatako jendartea ari garen eraikitzen; zer motatako baloreak sustatu nahi ditugun”. Aniztasuna modu positiboan, aukera gisa eta gizartea aberasten duen balore gisa defendatzen du Lucianik, eta ideia hori zabaltzen dihardu etengabe. Erronka horretan oztopo dira zurrumurruak, ordea. Informazio okerra dira usteak eta zurrumurruak, eta gizarteratzea eta elkarbizitza oztopatzen dute. Lucianiren arabera, hirian ‘gu eta haiek’ formularen baitan bizi dira oraindik herritarrak, orohar; “kosta egiten da etorkinak gizartearen parte gisa onartzea”. Urteak bertan bizi arren, euren familia, etxebizitza, lana, proiektuak hirian errotuta egon arren, etorkin askok oraindik atzerritar etiketa dutela nabarmendu du, eta bere kasua gogoratu du: “16 urte dira hemen bizi naizela, baina askotan oraindik ‘besteen’ taldean kokatzen naute. Noiz utziko ote diot atzerritar izateari?”.