"Gure esku dagoena egin dugu, udalarena da orain erabakia"
Plaza Haundi estaltzaren aldeko 1.160 sinadura aurkeztu ditu Egia Bizirik auzo elkarteak udaletxean.
Egia Bizirik auzo elkarteak amaitutzat jo du Plaza Haundi ingurua egokitu eta plaza estaltzeko abian jarritako babes kanpaina.
1.160 sinadura bildu dituzte guztira, eskuorrien bidez eta Change.org plataformaren bitartez. Hortaz gain, auzoko
ere jaso dute. Gaur eraman dituzte guztiak udaletxera.
Sinaduren garrantzia baztertu gabe, Berdaitz Gurutzeaga, auzo elkarteko kidearen esanetan, “eragileen atxikimenduak babes handia ematen dio proiektuari, ia auzo osoa baitago talde batean edo bestean identifikatua”.
Erregistrotik pasa ondoren, udal gobernuko ordezkariekin ere bildu dira, euren proiektua azaltzeko.
Proiektu eredu bat aurkeztu du auzo elkarteak, baina lan hori udalari dagokiola uste du Gurutzeagak. Horregatik, bi eskari zuzen dituzte udal ordezkarientzat. Batetik, prozesu parte hartzaile bat jarri dezatela abian Plaza Haundi nola egokitu auzotarren artean erabakitzeko.
Eta bestetik, beharrezkoak diren azterketa teknikoak egin ondoren, proiektu bat garatu dezatela eta lanekin hasi.
Azaroan aurkeztu zioten proiektua edo euren ideia Duñike Agirrezabalaga Auzoetako zinegotziari. “Gaia aztertzen ari direla esan digute, baina ez dugu erantzunik jaso”, esan du Gurutzeagak. Sinadurak eta atxikimenduak erregistratuta, euren lana amaitutzat eman dute gainera: “Gure esku dagoen guztia egin dugu, udalarena da orain erabakia”, esan du Gurutzeagak.