Maratoi erdiaren txanda izango da maiatzaren 22an
Donostiako 16. Maratoi Erdia jokoan egongo da maiatzaren 22an, 10:00etan, Streetmarketing Event Company enpresaren eskutik. Irteera eta helmuga Bulebarrean izango ditu, eta 21 kilometroko proba zein 10 kilometrokoa egongo dira aukeran. Hau da, ibilbideari bi itzuli edo bakarra ematea aukeratuko dute partaideek.
Lasterketan parte hartzeko nahikoa da adin nagusikoa izatea, eta atleta federatu eta ez federatuentzat irekia dago (10 kilometrokoan, 16 urte izatea nahikoa da). Hori bai, gizon eta emakumeen artean, sailkapen desberdinak egingo dituzte, jaiotza urtearen arabera: Seniorrak, 18 eta 34 urte artekoak; Beteranoak A, 35 eta 44 urte artekoak; Beteranoak B, 45 eta 54 urte artekoak; Beteranoak C, 55 urte edo gehiago dituztenak. Ibilbidea betetzeko gehienez 2 ordu eta 30 minutu izango dituzte; hala, denbora horren ondoren, lasterketa amaitu ez duten partaideek ibilbidea utzi beharko dute.
Internet bidez izena emateko aukera bukatu da jada. Baina dortsalak soberan geratu badira, Apalategi kirol dendan (Zurriola pasealekua, 26) izena emateko aukera egongo da, maiatzaren 19tik 21era (10:00etatik 13:30era eta 16:00tatik 20:00etara). Lasterketa nagusian parte hartzeko, 30 euro ordaindu beharko dira; eta 10 kilometrokorako, 20 euro.