Añorgako bulebarizazioaren lanak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
825 metro dira Añorgako biribilgunetik, Karmengo Ama biribilgunera arte daudenak. Eta une honetan autoak adina dabiltza makinak batetik bestera.
Añorgako bulebarizazio lanak aurrera doaz, aurreikusitako epeak betez. Beraz,
uztaila erdirako amaituta egongo dira.
Autoentzako errei bat, Gasteizko norabidean doana, amaituta dago, eta Donostiako norabidean doana datorren astelehenerako amaituko dute. Behin, errepidea amaituta, oinezkoentzako bidea egokitzen hasiko direla azaldu du Alfonso Vazquez, udaleko Obra eta Proiektuetako zuzendariak.
Autoek bi bide izango dituzte,
errei bakarra norabide bakoitzean. Gainerako zatian,
bidegorria, espaloia eta berde gunea egingo dituzte; lau bat metroko zabalera izango du guztira.
Behin lan hauek amaituta,
bidegorri berria Infernuko zatiarekin lotuko dute, Añorgako biribilgunetik aurrera, Errotaburu aldera.
Udal ordezkari eta lanetako arduradunek bixita egin dute gaur Añorgako bulebarizazio lanetara. Eneko Goia alkatea gustura agertu da lanen martxarekin: “Nahi baina beranduago hasi dira agian lanak, baina aldaketa bistan dago. Eraldaketa nabarmena izango du auzoak, eta auzotarrak ere onura handia izango dute”.
Añorgako bulebarizazio proiektu osoak badu
bigarren fase bat, Karmengo Ama biribilgunetik Errekalderaino egokitzea aurreikusten duena. Bigarren fase honetako proiektua ere egina dago, baina 2016ko aurrekontuetan ez dago aurreikusia. Dena dela, lanei jarraipena emateko borondatea eta konpromisoa erakutsi du alkateak.
Hona hemen lanen garapena, iruditan.