Bruce Springsteen, berriz Donostian
43.000 zale inguru bilduko dira gaur gauean Anoeta estadioan emango duen kontzertuan.
Bruce Springsteenek Donostian emango duen hirugarren kontzertua da gaurkoa —2008an eta 2012an eman zituen beste biak—, baina hiria gehiagotan bisitatu du: sei aldiz, orotara. The River Tour 2016 biraren barruan, zuzenean ariko da gaur Anoeta estadioan, The E Street Band ohiko taldea lagun duela.
Urtarrilaren 16an abiatu zuen bira, Pittsburghen, Ameriketako Estatu Batuetan. Maiatzean, berriz, Europara egin du salto. Larunbatean eman zuen lehen kontzertua Bartzelonako Camp Nou futbol zelaian, eta bigarrena du Donostiakoa. 43.000 ikusle sartzen dira estadioan, baina atzo iluntzean oraindik sarrera guztiak saldu gabe zeuden. 65 euro balio du merkeenak, eta 115 euro garestienak.
Larunbateko Bartzelonako emanaldiak hiru ordutik gora iraun zuen. The River diskoko abesti dezente jo zituen Springsteenek, baina klasikoei ere egin zien lekua errepertorioan. Zalantza argitu zen Katalunian: badirudi ez dituela diskoko abesti guztiak interpretatuko Europako kontzertuetan, AEBetan egin zuen moduan. Zantzu guztien arabera, diskoko abestiak eta ibilbideko doinu ezagunenak konbinatuko ditu.
Anoeta zelaian, dena prest
Dena prest dago Anoetan gauerako. Jokalarien aulkiak eta ateak kendu dituzte, eta futbol zelaiak antzoki itxura hartu du dagoeneko. Hori bai, joan den astelehenaz geroztik, jende ugari aritu da lanean hori posible izan dadin. 400 langile eta 40 trailer behar izan dituzte prestaketetarako.
Antolatzaileen esanetan, saldutako sarreretatik 13.000 inguru Gipuzkoan erosi dituzte. Gainontzeko ikusle guztiak, Euskal Herriko hainbat txokotatik, Herrialde Katalanetatik eta Espainiatik etorriko dira: Errioxatik, Kantabriatik, Madrildik…
Jende asko pilatuko dela eta, garraio zerbitzu bereziak jarri dituzte gauerako. Bilbotik, gutxienez hiru autobus joango dira Donostiara, Gasteiztik beste lau, Azpeitia-Azkoitia ingurutik beste bat (Gipuzkoa), Bergara-Arrasatetik (Gipuzkoa) ere bai bakarren bat…. Kontzertua amaitzean, 01:30 inguruan, beren herrietara itzuliko dira autobusak. Horiez gain, ohi baino taxi gehiago ibiliko dira futbol zelai inguruan, eta Dbus zerbitzuak ere ugaritu egingo dituzte. Gainera, bizikleta, auto eta motoentzako aparkalekuak prestatu dituzte.
Estadiora sartzeko kontrol neurri zorrotzak izango direla eta, gomendio batzuk eman ditu Donostiako Udalak: denbora nahikoarekin joateko aholkatu du, pilaketak saihesteko, eta NAN agiria edo haren baliokidea erraz aurkitzeko moduko leku batean eramateko eskatu du.
Debekatuta dago latak eta kristalezko ontziak eramatea, eta baita litro eta erdi baino likido gehiagoko plastikozko botilak ere, tapoia jarrita baldin badaukate. Ezingo da ez janaririk ez edari alkoholdunik sartu, eta kaskoak, motxilak eta objektu zorrotzak sartzea ere debekatuta dago.