Epaiaren zain daude bederatzi auzipetuak
Akordioa lortu dute Ekineko kide izatea egozten dieten bederatzi auzipetuek.
Akordioa lortu dute Ekineko kide izatea egozten dieten bederatzi auzipetuek. Fiskaltzarekin eta herri akusazioekin ados jarrita, zigorrak murriztu dizkiete, eta ez dute kartzelara itzuli beharko —Ugaitz Elizaranen kasua argitzeko dago oraindik—. Segurako auzikoek onartutako testua izan da oinarria oraingoan ere. Akordioan jasotzen denez, urtebete eta bederatzi hilabeteko zigorra jarri diote Sandra Barrenetxeari, bina urtekoa Egoitz Garmendiari, Eneko Compainsi, Aniaiz Ariznabarretari, Urko Aierberi, Joxe Aldasorori, Erika Bilbaori eta Rosa Iriarteri, eta bi urte, hiru hilabete eta egun batekoa Ugaitz Elizarani. Inhabilitaziora ere zigortu dituzte, kartzela zigorren adinako denborarako.
Ekineko zuzendari izatea egotzi diete guztiei, Barrenetxeari eta Elizarani izan ezik —Ekineko kide izatea bi horiei—. Elizaranen kasuan, ordea, handiagoa izan da zigorra, aurretik ere kondenatu baitzuten «erakunde terroristako kide» izatea egotzita, Hala, bi urtetik gorako zigorra denez, argitzeko dago espetxera itzuli beharko duen ala ez. Auzi saioan akordioa aurkeztu ondoren, zigorrak ez gauzatzeko eskatu du Jose Perals fiskalak, eta Elizaranen kasuan, baldintzapean aske uzteko. Hori nola gauzatuko den, hori da argitu beharrekoa.
04/08 sumarioko auzipetuek —Segurako auzikoek— adostutako testua da bederatzi akusatuek epaimahaiaren aurrean aurkeztu eta onartu dutena. Hala, auzipetuek aitortu egin dituzte egotzitako gertakariak —bilerak egitea eta dokumentazio politikoa edukitzea—, eta onartu dute jardun hori legearen aurkakoa zela. Gainera, uko egin diote indarkeriaren erabilerari, eta beren nahia agertu dute horrek «terrorismoaren biktimen erreparazioari ekarpena egin diezaion, eragin zaien min eta sufrimenduagatik». Joan den apirilean, bide bera erabili zuten Ekineko kide izatea egotzi zieten beste bost auzipetuk ere.
2010eko irailean atxilotu zituzten atzo epaitutako bederatzi lagunak. Lau eta bost egunez inkomunikatuta eduki zituzten, eta tortura salaketa larriak egin zituzten guztiek, baita Fernando Grande-Marlaska instrukzio epailearen aurretik pasatzean ere. Hark, ordea, ez zuen inolako diligentziarik egin. Gaur egun, hiru salaketa judizial artxibatu gabe daude oraindik; Eibarko (Gipuzkoa) epaitegian dago Ariznabarretarena, Auzitegi Konstituzionalean Compainsena, eta epaiketara bidean Barrenetxearena -lau guardia zibil epaituko dituzte-.
Zigorrak murriztu dizkiete, eta zortzi auzipetuk ez dute espetxera itzuli beharko. Sandra Barrenetxea, Urko Aierbe eta Ugaitz Elizaran donostiarrak daude auzipetuta, beste 6 euskal herritarrekin batera. Argitzeko dago Intxaurrondoko Ugaitz Elizaranek kartzelara itzuli beharko duen. Baldintzapean aske uzteko eskatu du fiskalak.
Ekineko zuzendaritza osatzea leporatzen zieten bederatzi auzipetuei, eta bederatzi eta hamabost urte arteko kartzela eskaerekin iritsi dira epaiketara.