Museoek ateak ireki dituzte
Ontzi Museoak Kaia beste era batera ezagutzeko aukera eman du.
Museoen Nazioarteko Eguna dela-eta, Donostiako museoek programazio berezia atondu dute aste honetarako. Museoak eta Paisaia naturalak izenburupean, Ontzi Museoak, esaterako, Kaia beste era batera ezagutzeko aukera eman du. Hainbat lagunek bat egin dute goizeko bisita gidatuarekin; hala, Jokin Gilisagastiren eskutik ezagutu dituzte arrantzaleen kofradia, lonja eta bere arrantzontzia; eta Aitor Buitronekin bisitatu dute Ontzi Museoko Emakumeak eta itsasoa erakusketa.
Jokin Gilisagastik bazuen zer kontatu, izan ere, bera da Aquariumeko Satanas bi ontziaren patroia, eta, aldi berean, Donostiako arrantzaleen kofradiako presidentea. Egun, Kaiko lonja ez da salmenta puntua; zehazki, 2012ko abenduan egin zuten bertan azken arrain salmenta. Garai batean, 40 ontzietako arrantza hustutzen zuten bertan, baina jarduera horrek behera egin zuen, ontzijabeak erretiratzen joan ziren heinean. Hori eta gehiago jakiteko aukera izan dute.
Horretaz gain, kontu gehiago ere prestatu dituzte. Arratsaldean, beste doako bisita gidatu bat programatua zuten, erakusketara; eta larunbatean, hirugarren bat, 12:15ean. Gainera, maiatzaren 27rako ilustrazio tailerra prestatu dute, 17:00etatik 19:00etara, Elena Odriozolaren eskutik. Bera da Emakumeak eta itsasoa erakusketako ilustrazioen egilea. Tailerrak 3 euroko prezioa izango du, eta aurrez izena eman behar da, 943 430 051 telefonora deituta edo untzimuseoa3@gipuzkoa.eus posta elektronikora idatzita.