Unai Pelayok eta Asier Beramendik joko dute AB Krosa lasterketan
Lasterketaren ondoren hasiko da zuzeneko musika Probestu plazan, 20:00ak inguruan.
AB Krosa lasterketa bat baino gehiago da. Auzoa egiteko, kirola egiteko, euskaraz egiteko eta gozatzeko prestatzen dute urtero. Horregatik, maiatzaren 28an, korrika egitera animatzen ez direnak ere gonbidatu dituzte AB Krosara, denentzako jaia izatea nahi dute eta. Haurrentzako jolasak eta korrikalditxoa, luntxa, helduentzako lasterketa… eta zuzeneko musika! Bai, 20:00ak inguruan -lasterketako sari banaketaren ondoren-, kontzertuak izango dira Amara Berriko Probestu plazan. Egiako bi musikari ariko dira zuzenean jotzen: Unai Pelayo Pelax eta Asier Beramendi -Eraul taldeko abeslaria-.
Oraindik ez duzuela AB Krosa lasterketan izena eman! Animatu eta parte hartu! Bi ibilbide dituzue aukeran, 3 kilometrokoa eta 6 kilometrokoa. Amara Berri eta Loiolako Erriberan zehar korrika egin eta ondo pasatzeko aukera hau ezin duzue galdu! Herrikrosa.com webgunean eman dezakezue izena. 16 urtetik gorako parte hartzaileek eman dezakete izena. Arratsaldean, 19:00etan, hasiko da proba. Marka onena egiten duten auzoko korrikalariak sarituko ditu IRUTXULOKO HITZAk, urtebeteko doako harpidetzarekin. Auzoko tabernetan doan afaltzeko txartelak eta Zubeldia kirol dendako materiala ere dago jokoan!