Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak Liburutegi Nagusia eta Koldo Mitxelena uztartu nahi dituzte.
Denis Itxaso eta Miren Azkarate. (Argazkia: Malen Aldalur)
Liburutegi Nagusia eta Koldo Mitxelena Liburutegia bateratu nahi dituzte, “zerbitzu eraginkorrago eta osoago” bat eskaintzeko asmoz. Hala azaldu dute, Denis Itxaso Kultura foru diputatuak eta Miren Azkarate Donostaiko Udaleko Kultura zinegotziak Koldo Mitxelena liburutegian egin duten prentsaurrekoan.
Kazetariez gain, bi liburutegietako langileak ere azaldu dira galderak egiteko asmoz.
Itxasok eta Azkaratek azaldu dutenez, bi liburutegiek euren berezitasunak badituzte ere,
zerbitzu eta eskaintza asko “berdinak” dira: “Ezinbestekoa da egungo moldeak berriz pentsatzea eta balizko aliantzak aztertzea, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu katalogoa hobetzeko”.
Azaldu dute, uztartzeak ez duela liburutegietan gutxiago inbertitzea ekarriko, “liburutegi zerbitzu integral bat izango duen erreferentziazko zentro bat sortzea” baizik.
Dena den, uztartze prozesua hasi aurretik, bi erakundeak, Donostiako Udala eta Gizpuzkuako Aldundia, prozesua lantzen hasiko dira. Horretarako, “bibliotekonomian aditua den eta eskarmentu handia duen”
pertsona baten kanpo aholkularitza izango dutela azaldu du Itxasok.
Liburutegi Nagusia desagertu daiteke
Prozesua oraindik hasierako fasean dago. Dena den, Itxasok esan du,
egitasmoa aurrera badoa, oso posible dela Udal Liburutegi Nagusia itxi eta proiektua Koldo Mitxelena liburutegian gorpuztea. Izan ere, azaldu du, hirian badaudela beste espazio batzuk, “ekoizpen eta difusio forma berrientzako”, Tabakalera kasu. Horrek liskarrak sortu ditu.
Prentsaurrekora etorri diren bi liburuetako langileek euren
“ezinegona” eta “kezka” azaldu dute: “Hernanira joateko autobusa eta trena daude eta ez dira zerbitzuak murrizten. Hori ez da zerbitzu bat bikoiztea, hori behar den zerbitzua eskaintzea da”.
Itxasok azaldu du, giza baliabideen enpresekin hitz egin dutela, eta langileak “mantenduko” dituztela. Dena den, langileekin hitz egiteko prest daudela azaldu du, nahiz eta, gaineratu duen hura ez dela hortaz jarduteko ez unea eta ezta lekua ere.