Oinezkoei bidea errazteko loreak marraztuko dituzte Egiako espaloietan
Larunbatean, maiatzak 21, Tejeria kalea oinezkoentzako izango da soilik.
Mugikortasuna ezberdin ikus daiteke haurren begietatik, baina euren ikuspegia kontuan hartzea ezinbestekoa da bideak seguruagoak izateko.
Hala uste du Egia Segurua taldeak. Oinarri horretatik abiatuta, iaz jarri zuten abian proiektua. Haurrei autonomia eman, eta etxetik ikastetxeetara oinez joateko moduan ibilbide bat margotu zuten auzoan. Espaloietan margotutako loreak erabili zituzten horretarako.
Bihar egingo dute bigarren saioa, eta iazko loreak errepasatzeaz gain, ibilbidea zabalduko dute Tabakalera ingurura.
Eta larunbatean, maiatzaren 21ean, festa bat egingo dute, Egia seguruago bat aldarrikatzeko. 10:30etik 14:00etara Tejeria kalea oinezkoentzako izango da soilik. Auzotarrek hartuko dute kalea, eta musika, tailer eta jolasen bidez girotuko dute goiza.
Maiatzaren 23an, berriz, Oinezbus-a jarriko dute abian, eta hala nahi duten haurrek ikastolara oinez joateko aukera izango dute.
Hona Aitor ikastolako ikasleek egindako lanketaran une batzuk, iruditan.
Mugikortasuna lantzen ari dira asteotan Egiako ikasleak: semaforoen denbora neurtu, bidegorria aztertu, oinezkoentzako pasabideak, edo auto kopurua zenbatu dituzte, esaterako.