Bilera egingo dute bihar, ostirala, 17:00etan, Intxaurrondoko Letaman gaztetxean.
(Argazkia: Traganarrua Intxaurrondoko kofradia)
Intxaurrondoko Traganarruak kofradia bilera ireki bat antolatu du bihar, ostirala, 17:00etan, Letaman gaztetxean. Helburua da Intxaur jaiei eta Aste Nagusiari buruz hitz egitea.
Batetik, Aste Nagusiari begirako egitaraua fintzeko eta jarduerak ixteko baliatuko dute bilkura. “Ideia berriak daude traganarruon artean eta horiei heltzen saiatuko gara, Aste Nagusiari beste bizitasun bat emateko asmoz”, azaldu dute kofradiatik. Horretaz gain, aurten, beste kofradia batzuekin harremanetan jartzeko asmoa dute, eta haiei helarazi beharreko proposamenak landuko dituzte. Jarraian, Aste Nagusirako antolatu zituzten lan taldeen txanda izango da; bakoitzak bere egoera azalduko du. Gainera, sorpresaren bat dutela ziurtatu dute, eta horren inguruan ere arituko dira. “Beraz, argi ibili, dagoeneko Intxaurrondo aldetik haizea hasi baita harrotzen….”.
Bestetik, ekainaren 24, 25 eta 26an ospatuko dituzte Intxaur jaiak aurten, Sagastieder plazan. Iaz hartu zuten Traganarruak kofradiakoek jaiak antolatzen jarraitzearen ardura, eta aurten ere horretan dihardute. Horregatik, euren asmoa da etorkizunean jai batzorde bat sortzea. Beraz, jaiak gerturatzen doazenez, horri buruz ere hitz egingo dute biharko bileran, falta diren ardurak banatu eta azken kontuak ixteko.
Bizikleta martxa
Bilkuraren ostean, 19:50ean, Txirrinkara batuko dira. Txirrinka,
Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu lelopean egingo den ekitaldi bat da. Maiatzaren 20, 21 eta 21ean burutuko da, eta, antolatzaileen arabera, “lurraren aldeko eta AHT zein proiektu suntsitzaileen aurkako aldarria zabaltzean gain, egungo eredu soziala eraldatzeko deia ere egingo dute”. Txandakako bizikleta martxa horrek lau zutabe izango ditu: Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa. Beraz, Traganarruak kofradiakoek bat egingo dute martxarekin, 19:50ean, Ategoerrietan. Aingura kofradiakoek ere edukiko dute euren tartea martxan. Izan ere, 21:05ean hartuko dute Bretxa plazan.
TXIRRINKA: AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!
Maiatzak 20, Donostiako ibilbidea:
- 19:35. Herrerako tren geltokia. Askekintza animalista.
- 19:50. Ategorrietako biribilgunea. Letaman gazte asanblada.
- 20:15. Egiako parkea. Egia auzoa.
- 20:30. Amarako Prebostes plaza. CNT.
- 20:45. Emakumeen etxea (Okendo kalea, 9).
- 20:55. Artzai Ona. Libre/Eleak mugimendua.
- 21:05. Bretxa plaza. Aingura kofradia.
- 21:20. La Perla. Satorralaia.
Maiatzak 21. Antiguako Txantxarreka gaztetxearen gazte asanblada, 11:30ean, Alfonso XII.aren plazan.