1976an sortu zuten Egiako Trebeska dantza taldea; lau hamarkadako historian, dantzari ugari igaro dira bertatik, eta etorkizunera begira ere giro onean jarraitzeko asmoa dute, gorputzak astinduz.
Irlandako Mallowera 1991n egindako bidaia. (Argazkia: Trebeska)
Dantza talde bat sortu zuten Egian, 1976ko irailean. Hasiera hartan, 8 eta 11 urte arteko haurrekin osatu zuten taldea, eta lehen emanaldia 1977ko apirilean izan zen, Maria Reina elizaren inaugurazioan. Egiako Trebeska dantza taldearen lehen pausoak halaxe azaldu ditu Begoña Azkonobietak (Egia, 1964), taldeko dantzari ohiak: «Xabier mendi taldearen barruan sortu zuten, euskal kultura bultzatzeko asmoarekin». Berarekinegon da Irutxuloko Hitza, baita egungo Trebeskako dantzari Andoni Altunarekin ere (Urnieta, 1991). Trebeskak 40 urte bete dituela eta, iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egiteko bildu ditugu.
«Lokal baten bila hasi ginen, eta leku askotatik igaro ginen. Oraingoa, agian, bosgarren egoitza izango da!», gehitu du Azkonobietak. Zehazki, 1983an lortu zuen Trebeskak Atotxako dorre azpiko lokala. «Hasieran Donostian sei edo zazpi dantza talde zeuden, Goizaldi, Eskola, Kresala, Ertizka, Izarti, Gaztetxo txikien taldea… Franco hil ostean, euskal kultura erakusteko nahia zegoen. Lehen, dantza talde batek jaietan emanaldi bat ematea oso ohikoa zen; gainera, urtean behin bidaia bat egiten genuen, jaialdi batera joateko, nahiz eta guk erdia ordaindu; orain zeharo aldatu da», oroitu du Azkonobietak. 1986an Italiako Pietra Liguren eta 1990ean Frantziako Marseillen jaialdi banatan egon zela gogoratu du; «Oso ondo pasa genuen». 1988an Erresuma Batura, Billinghamera, egindako bidaian ez zen egon Azkonobieta, baina egon zirenengan oso oroitzapen ona utzi zuela dio. Hegazkinez egin zuten lehen bidaia izan zen askorentzat.
Zer da dantzaria izatea? Azkonobietak oso argi dauka: «Hau ez da kirola, baina sasoian egon behar zara; ez da musika, baina erritmoa jarraitzen jakin behar duzu; ez da antzerkia, baina emanaldiak eman behar dituzu; ez zara jostuna, baina jantziak egiten jakin behar duzu, eta ia antropologoia izan behar zara». Azken batean, emanaldi bat ematera iristeko, talde txiki batek sakrifikazio handia duela uste dute biek ere, eta atzetik dagoen lan guztia ez dela ikusten.
Berezitasuna: jantziak
«Nik uste dut beste dantza talde batzuek teknika gehiago izan dutela, betidanik;?baina, Trebeskak garrantzi handia eman die jantziei, saiatu gara beti dantza guztiak jatorrizko jantziekin egiten, eta hori gure meritua dela uste dut», dio Azkonobieta. Trebeskan, azkenean, gogoa duen edonork dantza dezakeela diote, talde herrikoia dela, auzokoa. «Egiako talde bat da eta harreman handia du auzoarekin, zalantzarik gabe. Auzoko kontu guztietarako harremanetan jartzen dira gurekin», dio Altunak.
Gogoan du Azkonobietak lehen dantzak aurrez aurre ikastera joaten zirela. «Orain bideoak daude eta Internet. Lehen, kuadrillan joaten ginen pauso guztiak buruz ikastera. Istilu ederrak izaten genituen, hurrengo astean dantza nola zen gogoratzean!». Tradizioaren garrantzia ere azpimarratu du Azkonobietak. «Emakumeek ez zuten dantzatzen duela 200 urte! Ganbaran arituko ziren izkutuan… Dantza taldeetan, ordea, normalean egoten dira 40 emakume eta 5 gizon. Beraz, denek dantza guztiak dantzatzea ongi iruditzen zait, baina garrantzitsua da nondik gatozen jakitea».
Gaur egun, honako kopuruak mugitzen ditu Trebeskak: helduen taldean, 30 lagun (23 eta 30 urte artekoak); Trebeska Txikin, 50; beteranoetan, 20, eta ikastaroan, 25. «Ikastaroak ematen duela hiru urte hasi ginen, eta sekulako giroa egoten da. Adin guztietakoak elkartzen dira», dio Altunak. Aitor ikastolan ere eguerditan euskal dantza eskolak ematen dituzte: «Eskatzen digute gutako inork ezin badu ere, gure bidez joatea, taldearekin harremana mantentzeko, azaldu du Altunak. «Gauza asko ikasten dira hemen eta giroa oso ona da. Gauzak zaintzen ikasten dute eta oso ongi pasatzen dute. Giroa oso alaia da, eta esan behar dut bikote asko atera direla taldetik! Dantzatzea espresio sozial oso ona da. Talde guztia pozik ikustea da taldea lotzen duena, gorabeheren gainetik», azaldu du Azkonobietak.
Urtean hainbat emanaldi eskaintzn dituzte: Aste Nagusian, Groseko jaietan, Bidebietako jaietan, Porrontxoetan, Hernaniko dantzari egunean, Egiako eta Bidebietako euskara egunetan…
Ospakizuna, primeran
Joan den larunbatean giro ederra zabaldu zuten Egiako kaleetan barrena, 40. urtemuga ospatzeko. Azkonobieta oso pozik dago: «Lehen urteetan ibili ziren hiru lagunekin egon nintzen; 25. urteurrenetik ez nituen ikusi, eta sekulako ilusioa egin zidan. Beteranoen hamar bikote inguru elkartu ginen, eta oso ongi pasa genuen».
Desfilea egin zuten auzoan, eta hamaiketakoa Katan. Ondoren, emanaldia egin zuten Plaza Haundin; eta horren ostean, elkarrekin bazkaldu zuten 180 lagun inguruk. Behin tripa beteta, bestela izan ezin zitekeen moduan, erromeria batekin bukatu zuten ospakizuna. «Bazkalostean, oso polita izan zen mahai guztiak hutsik ikustea, denak dantzan zebiltzalako. Gainera, zaharrak umeekin elkartu ziren, eta festa egiteko modu hori erakustea oso polita da», dio Altunak. «Bai, bi edo hiru belaunaldi dantzan elkartzea oso polita da. Hori da jarraipena ematen dioena; hori da filosofia», gehitu du Azkonobietak.
Musikariei dagokienean, oso musikari onak izan dituztela diote, baina profesionalizatu egin dira, aeta galdu egin dituzte. Beraz, aurrera begirako erronkak oso argi ditu Altunak: «Giro ona dugu eta hori mantendu nahi dugu. Jende berriak etorri nahi badu, ateak irekiak ditugu, baita musikarientzat ere. Auzoarekin harremana ere gehiago landu nahi dugu. Bagaude konpromisoa lantzen dugun taldetxo bat, eta lagun gehiagok ardurak hartzea nahi dugu».