Lau tabernan erakusketa bat osatu dute Amarako hainbat txokotako argazkiekin eta testuekin. Auzoaren eraldaketa irudikatu nahi dute horrela, eta gogoeta piztu herritarren artean; auzoa lehen, orain eta gero.
Osasunaren iturria, Amaran.
Hiriak biziak direla esan ohi da, eta ez soilik pertsonen bizitoki direlako, etengabeko eraldaketan daudelako baizik.
Kasu batzuetan, eraikin, kale, parke edo errepide aldaketa xume batzuen bidez, guztiz alda daiteke auzo bateko bizimodua. Beste batzuetan, eraldaketa guztizkoa izan daiteke, eta erreza izan ohi da lehengo itxura ahaztea. Azkar ohitzen da herritarra egunero egunero begien bistan duen parke, kale edo eraikin erraldoia ikustera.
Amara eraldaketa prozesu horretan murgildurik dagoen gune horietako bat da. Eraldaketa prozesua, berriro. Hala esan daiteke, begira bestela goiko argazki zaharrari.
Osasunaren iturria zeritzona da. Autonomia kaleko etxebizitzek estaltzen dute hormatik ateratzen zen txorrota.
Urtean zehar ez zuen aparteko garrantziarik. Errondoraino pasioan joan eta bueltan hiri erdialdera zihoazen donostiarren egarria asetzea besterik.
Baina
San Joan egun goizean jendeak Osasunaren iturriko ura edateko ohitura zuen, eta jende andana biltzen zen txorrotaren bueltan.
Oinarri paganoa zuen nonbait ohitura honek, eta gezur eta zurrumurruek laster aldendu zituen herritarrak iturritik. Hesteetako gaitzak sortzen zituela, edo inguruan hildako animalien eraginez ustel usaina zeriola hedatu zen jendartean. Izena eta izanaren arteko talka hortaz, Osasunaren iturrian.
Urteak dira ur jarioa sortzen zen horma beste horma batzuen atzean geratu dela. Baina orain, Amarako txoko hura bistarazi nahi izan dute, eta
horma irudi bat egin dute Autonomia kalean, iturria izan zen inguruan. 13. zenbakiko behealdeko pertsiana bat margotu du X-Toxico artistak.
X-Toxico artistak antzinako Osasunaren iturria margotu du Autonomia kalean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Txoko ahaztuak gogoan
Jane Jacobs arkitekto, pentsalari eta urbanista sozialak abian jarritako Jane-en ibilbideak egitasmoaren baitan egin dute horma irudia, eta baita Amararen errepasoa ere. Herritarrek auzoaren historia eta txoko berezienak ezagutzeko aukera izan zuten maiatzaren hasieran.
Baina atzera begirakoak oraindik jarraipena du Osasunaren iturria kaleko Lau tabernan. Erakusketa bat osatu dute auzoko argazki zaharrekin eta testuekin. Horrela, auzoaren eraldaketa bistarazi eta hausnarketarako bide bat ireki nahi dute herritarren artean. Auzoko txokoetako iragana, oraina eta geroa jarri dituzte maila berean.
Nolakoa izan zen Amara bistan da, nolakoa izango ote da?