Ategorrietako Galtzada Zaharreko bidegorria. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ategorrietako Galtzada Zaharreko bidegorrian zehar ibiltzea ez da batere lan erraza. Gros eta Ategorrieta batzen ditu bidegorri horrek -Nafarroa hiribidea eta Jose Elosegi hiribidea-, eta ingurua bisitatu du IRUTXULOKO HITZAk. Argi dago bidegorri hori arriskutsua dela, bertan bat egiten baitute, errepide estuan, oinezkoek, autoek eta txirrindulariek.
Udalak piboteekin babestu du bidegorria, aurretik zeuden babes elementuak hautsita baitziren. Behin behineko neurria dela adierazi du udaleko Mugikortasun atalak. Konponbide bat aztertzen ari direla plazaratu du.
2007an bidegorria jarri zutenetik gatazka gune bihurtu da. Inguruan bi ikastetxe daude, eta eskoletako autobus zein auto partikularrek hainbat eragozpen sortu dituzte.
Txirrindulari batek Kalapie Elkarteari bidalitako bideoak ika mika piztu zuen joan den abenduan. Bertan ikusten zen ia ezinezkoa zela bidegorritik bizikletan ibiltzea. Izan ere, inguruan ikastetxeak daude, eta guraso askok han uzten dituzte autoak.
Kalapiek argi utzi zuen arazoak konpontzeko bidea: «Jose Elosegitik, Ategorrieta hiribidea eta Nafarroa hiribidean zehar autoen errail bat kendu, eta bidegorri bat sortu. Udala bultzatu behar dugu neurriren bat hartzera».