Uliako Auzo Elkartea parkea berreskuratzeko ahaleginak egiten ari da. Lekuaren balioa ikusarazteko txosten bat egiteko eskatu diote Aranzadi Zientzia Elkarteari.
Uliako Auzo Elkarteak emandako prentsaurreko. (Argazkia: Malen Aldalur)
Badira hamar urte Uliako Auzo Elkartea, hainbat donostiarrekin batera, lehenengo mintegietako parkea izan zenak berriro parke izaera berreskuratu dezan lanean ari direla. Bizilagunek uste dute izugarrizko balio duela parkeak, baina udal gobernuak ez du lekuaren balioa aintzat hartu. Felix Sotor auzo elkarteko kidearekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAK.
Noiztik ari zarete parkea berreskuratzeko lanetan?
2006an Odon Elortza, garaiko alkateak finka saldu nahi zuen, eta proiektu horrek depositu guztiak suntsituko zituen. Guri hori astakeria bat iruditu zitzaigun. Orduan, Aranzadi Zientzia Elkarteari txosten bat eskatu genion. Nik lagun bat nuen bertan lanean eta deposituei begirada bat botatzeko eskatu nion. Berari ere astakeria bat iruditu zitzaion deposituak suntsitzea eta segituan udalera joan zen Odon Elorzarekin hitz egitea. Alkateak txosten bat egiteko eskatu zion, eta hala egin zuten hiru katedradunen artean. Orduan, Elorzak atzera bota zuen proiektua. Gauza bera egitea nahi dugu oraingo alkateak ere.
Zerk ematen dio balorea parkeari?
Parkea bi arkitekto oso garrantzitsuk egin zuten, Gipuzkoa Plaza egin zuten berberek. Parke guztiak du ikaragarrizko balioa. Hiriko beste txokoetan jartzeko landareak bertan landatzen zituzten. Beharrezko zerbitzu bat ematen du parkeak. Berdeguneak ez ditugu sobera, eta erabilera handia ematen diogu auzotarrok espazio horri; umeak, helduak, jubilatuak denak biltzen gara bertan.
Eta orain?
Hasteko, errekurtso bat aurkeztu dugu, eta Aranzadi Zientzia Elkarteari parke osoari buruzko txosten oso bat egiteko eskatu diogu. Udalak marra gorri guztiak pasa ditu. Hasieran kontsulta bat egiteko asmoa zegoen, eta Eneko Goia alkatea bera ere ados agertu zen. Azkenean, atzera bota zuten aurrekari bat sortu zezakeelako. Ez dute herritarren parte hartzea bultzatzen. Lotsagarria da udal gobernuaren jarrera.
Sinadura bilketarekin jarraitzen duzue?
Bia
Change.org plataformaren bitartez sinadura bilketa bat abiatu genuen eta oraindik horretan jarraitzen dugu, egia esan, dagoeneko mordo bat bildu ditugu. Donostiarrak parkearen egoeraz jabetzea nahi dugu, askok ez dute bertako errealitatea ezagutzen. Horregatik, bisita gidatuak antolatu ditugu parkea osotasunean ezagutu ahal izateko.