Donostiako mugikortasun eredu dela eta, hainbat eskari egin dizkio Donostiako Udalbatzaren Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari.
Axier Jaka, Biduko zinegotzia. (Argazkia: Malen Aldalur)
Hainbat eskari egin dizkio Donostiako Udalbatzaren Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari, Donostiako mugikortasun eredu dela eta. Alde batetik, donostiarren mugikortasun beharrizanak hobetzeko
“alternatiba erreal eta eraginkorrak” proposatze eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari eskatu diote udalarekin elkarlanean,
“gardentasun eta eztabaida” prozesu ireki bat abiatzea mugikortasun ereduaren inguruan.
Axier Jaka Bilduko zinegotziak azaldu du 2001. urtetik Donostiako eta eskualdeko mugikortasun eredua hobetzeko alternatiba ezberdinak plazaratu direla: besteak beste, tranbia, tren-tram, eskualdeko autobus-lerro bereziak, burdinbideen zabalpena eta lurrazpiko metro sarea. Baina salatu du, “inoiz” ez dela “eztabaida korporatibo garden eta ireki bat” gauzatu erakunde publiko eta herritarren artean.
Era berean, Jakak salatu du eztabaida publiko hori eman ez zen arren 2008-2012 legegintzaldian
metro pasantearen aldeko apustua “inposatu” zutela. Nahiz eta, Bilduko zinegotziak gogorarazi duen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak “beharrezkoa ez zen proiektu faraoniko” gisa izendatu zuela.
EH Bildurentzat, “isilpean” eraman dute EAJak eta PSEk metro pasantearen proiektua. Dena den, Jakak azaldu du, Metro pasanteak egiten duen moduan egokia dela
“garraio publikoa indartu eta sareak zabaltzea”, baina, egitasmo honek “zalantza” handiak sortarazten dizkietela.
Bi arrazoi nagusi azpimarratu ditu EH Bilduk zalantzak edukitzeko: bata,
pasartearen sustatzaileek “zalantzak” dituztela proiektuarekin, izan ere, “finantzaketa gabe aurkitzen dira” eta, bestea, Donostian mugikortasun-modalitate
“interesgarritzat” hartzen duten 28BRT Lerroa, zirkulazio azkarrerako linea, proiektua Eusko Jaurlaritzak mahai gaineratu duela. Jakaren ustez, horrek
“agerian” uzten du mugikortasun eredua “ezbaian” dagoela.