Xabier Artaetxeberria (Loiolako Erribera, 1982) Telekomunikazio ingeniariak CAF-Elhuyar sarietan dibulgazio-artikulu orokor onenaren saria irabazi du, laugarren aldiz.

Xabier Artaetxeberria. (Argazkia: Malen Aldalur)
Laugarren aldiz jaso duzu saria, ‘Zergatik gara onak?’ artikuluarekin.
Duela hamar urte inguru irabazi nuen lehenengo aldiz, 25 urte nituela. Gero, lehen sari bat eman zidaten eta handik urte batzuetara aipamen berezi bat. Aurten, berriz, dibulgazio artikulu onenaren saria eman didate. Oso pozik nago, jende pila batek zoriondu nau. Uste dut artikuluak interesa sortu duela.
Altruismoaz idatzi duzu. Nola definituko zenuke?
Egiten duenarentzat kaltegarria eta bestearentzat onuragarria dena da altruismoa; horrela definitzen eta ikertzen da behintzat.
Telekomunikazio ingeniaria zara. Nolatan bururatu zitzaizun altruismoaz idaztea?
Ez daukat guztiz argi. Liburu ezberdinetan aurkitu nuen gaia. Lehenengo aldiz eboluzioari buruzko liburu batean izan zen. Atal bat zegoen animalietan taldeak nola sortzen diren azaltzen zuena.
Gero, artikuluan aipatzen ditudan bi idazleak irakurri nituen. Bata, Richard Dawkinsen liburua, God delusion deitzen dena. Bertan, erlijioak kritikatu, eta jainkorik ez dela existitzen arrazoitzen du. Kapitulu batean, ona izateaz idazten du, eta galdera bat planteatzen du: Jainkoa behar da gizakia ona izateko? Bere teoria da ezetz, eta hori argudiatzeko arrazoi ebolutiboak ematen ditu.
Bestea, berriz, Edward Wilsonen talde hautespenaren inguruko liburu bat izan zen. La conquista social de la tierra deitzen da. Bertan, Dawkinsen artikulua kritikatzen du, eta bere teoria aurkezten du: ez dago eboluziotik kanpo arrazoirik bilatu beharrik altruismoa justifikatzeko.
Arraroa al da altruismoa naturan?
Ez, ez da arraroa. Animalia asko taldetan bizi dira, eta taldea mantentzeko erabiltzen dute altruismoa. Adibide pila bat daude; animaliak zenbat eta adimentsuagoak izan, orduan eta gure itxura handiagoa dute.
Oihaneko legea nolabait hankazgora jartzen duzu artikuluan. Bizirauteko laguntzen digu?
Bai, ziur. Wilsonek azaltzen du gizakiok bi alde ditugula: alde berekoia eta alde altruista. Gauza onak egiteko gai gara, baina baita txarrak egiteko ere. Gure alde berekoia azaltzeko hautespen naturala erabiltzen du. Eskolan ikasten duguna da hori; indartsuenak irabazten duela. Baina nola taldean bizi garen, talde mailako hautespena ere badago. Beraz, bere teoria, laburrean, esanda honakoa da: talde altruista batek, talde berekoi bati irabaziko dio, baina talde altruista baten barruan berekoi batek irabazi diezaieke gainerakoei. Adibidez, janaria denen artean banatzen badute, eta gosete garai bat heltzen bada. Kasu horretan, bizirauteko aukera gehiago izango lituzke berekoiak, agian berarentzako janaria gordeko duelako. Beraz, bi indar horiek daude: talde hautespena eta banakako hautespena.
Artikuluan badago Haldane biologo britaniar baten aipu esanguratsu bat. Haren anaia itotzear zegoela anaiarengatik bizia emango lukeen galdetu ziotenean, honakoa erantzun zuen: “Ez, baina bi anaia edo zortzi lehengusu salbatuko nituzke”.
Hautespena azaltzeko modu bat da. Teoria horren arabera, banakako batek edozein espezieko beste bati laguntzen dionean, prozesu ebolutibo altruista horri laguntzen ari zaio, hau da, bestearengan dagoen gene altruistari.
Azkenean, geneak dira eboluzionatzen dutenak, hori da bere teoria. Esaterako, nire anaia ez hiltzeagatik ni hiltzen banaiz, nire gene altruistaren kopia galdu egingo da, geneen erdia berdina dugulako. Beraz, gene hori galtzen aterako da. Baina hiru anaiarekin adibidez, bi kopia salbatzeko aukera izango nuke eta pena mereziko luke ni hiltzeak. Gene berekoiaren teoria deitzen zaio horri.
Familia salbatzeaz ari garela, altruismoa berbera da familiakoekin edo gainerakoekin?
Dawkins-ek eta hauek esaten dute familiakoei laguntzeko joera gehiago dagoela, edo bai itxura antzekoa dutenei behintzat.
Gizakiokin ere antzeko zerbait gertatzen da: Donostian gertatutako istripu batek sufrimendu gehiago sortzen digu Txinan gertatutakoak baino. Teoria hori defendatzen dutenek esaten dute, nolabait, gure geneetan definitua dagoela gure itxura dutenei laguntzeko joera.
Dena den, teoria hutsak dira, oso zaila da frogatzea. Animalietan, esaterako, ez dakigu urtxintxa batek albokoa bere lehengusua den edo ez ba ote dakien.
Urtxintxak aipatu dituzunez, artikuluan kontatzen duzu nola Paul Shermanek, lur-urtxintxen talde bat hiru urtez aztertu ostean, ondorioztatu zuela ahaide gehiago bizirik zeuzkatenek sarriago jartzen zutela euren bizia arriskuan ingurukoak ohartarazteko.
Shermanek hiru urtez aztertu zituen urtxintxak, eta bazekien nor zen noren familiakoa. Urtxintxa bakoitzak zenbat oihu egiten zuen aztertu nahi zuten. Frogatu nahi zuten ea familia gehiago zutenek bizitza arriskuan gehiago jartzen ote zuten, eta hala ondorioztatu zuten. Dena den, horrelako gauzak frogatzea oso zaila da, ikerketa honen kasuan, esaterako, lagina txikia delako.
Horrela bukatzen da artikulua: ‘Bitartean jarraitu dezagun onak izaten’. Onak gara?
Bi gauzak. Wilsonek esaten duen bezala, nik uste, bi aldeak ditugula gizakiok: alde altruista eta alde berekoia. Taldearentzako ona da altruista izatea, elkar laguntzea, kooperatzea; baina bakoitzak bizirauteko orduan hobe da berekoia izatea. Hala ere, gizakien kasuan dena konplikatuagoa da kulturak paper handia duelako. Gainera, gizakietan izen onaren kontuak garrantzi handia du. Gauza bat da ona izatea, eta bestea, ona zarela irudikatzea.