Zubietako haurrak gustura iazko apar festan. (Argazkia: Zubietako guraso elkartea)
Maiatza bukaeran egin ohi dute
udaberriko jaialdia Zubietan. Bertako eskolako gurasoak dira antolaketa lanetan aritzen direnak, eta txandaka antolatuta, gurasoek eurek osatzen dute egitaraua.
Jarraipen fidela du gainera jarduerak, eta urtero urtero errepikatzen denez, dagoeneko zubietarren egutegietan gorriz ageri den data da udaberriko jaialdiarena. Eta bereziki haurren artean, eurei begira antolatutakoak izan ohi baitira jarduera gehienak.
Datorren astean,
maiatzaren 24tik 27ra ospatuko dute udaberriko jaialdia.
Lehen egunean,
asteartean, Zubietako txokoak erakusketa jarriko dute ikusgai frontoian. Eskola txikiko haurrek ateratako argazkiak dira, eta auzoa erakusten dute euren begietatik.
17:30ean, Baziren behin neska abenturazaleak eta mutil ameslariak ipuin kontaketa eskainiko dute frontoian bertan.
Hurrengo egunean,
maiatzak 25, eskulanak egiteko eguna izango da. Txapak; gatza eta kristalezko potoekin marrazkiak; ; karetak, pultserak eta kafe kapsulekin bitxiak ere egiten ikasiko dute txikienek. 18:30ean, berriz, urtero haurrak aztoratu ohi dituen apar festa egingo dute.
Ostegunean,
maiatzak 26, askari batekin hasiko dute arratsaldea, 16:30k aldera. Ondoren, puzgarriak eta trebetasun frogak izango dituzte. Eta eguna amaitzeko, buru haundiak kalejiran ibiliko dira Zubietako kaleetan barrena.
Azken egunean,
maiatzaren 27an, herriko antzerki eta dantza taldeak ikuskizun berezi bat eskainiko du frontoian, 17:00etan. Ondoren, herri kirolak eta taldekako jolasak egingo dituzte.
Indarrak berreskuratu eta lau egunetako jaialdiari amaiera emateko afari-merienda herrikoia egingo dute, 19:00ak aldera. Ondoren, disko festa, musikaz amaitzeko eguna. Eta nola ez, zubietarrek hain gogoko duten euskal dantzen ikuskizunarekin beteko dute plaza.