Jaiak antolatzeko udalak eskaintzen dituen “zerbitzu eskasak” salatu dituzte
Donostiako auzo eta herrietako jai batzordeek agerraldia egin dute Txanpontxo jaieran
Urtero antolatzen dituzten jaien antolaketa errazteko udalak eskaintzen dituen zerbitzuak “eskasak” direla salatu dute Donostiako auzo eta herrietako jai batzordeek. “Gipuzkoako hiriburu izateak ekartzen dion nortasunaz gain, Donostia osatzen duten auzo eta herriek ere zeresan handia dute donostiarren nortasuna edo izaera eraikitzerakoan”, azaldu dute. Hiriaren handitasunaren barnean, txikitasunetik eta tokitasunetik lanean dihardutenak “albo batera” uzten dituztela uste dute. Donostiako Kultur Hiriburutza dela eta urtean zehar kultur ekimenen eskaintza zabala egon bada ere, urteroko ekintzak antolatzen dabiltzanen lana ez dela kontuan hartu salatu dute: “Donostiako auzo eta herrietako jai batzordeontzat urte hau besteak baino katramilatsuagoa izango da; izan ere, urte berezi honen izenean, diru-laguntzak eskatzeko epea aurreratu izanagatik, lau jai batzordek ez dute diru-laguntzarik jasoko”, azaldu dute udalak emandako irtenbide bakarra jai batzordeak euren artean moldatzea izan dela. Irakurri adierazpena osorik