Ia zazpi mila libururen dohaintza egin dio Manterola liburu denda zaharrak Donostia Kulturari
Azpimarragarriak dira XVII. mendeko 4 liburu eta XVIII.mendeko beste 40.
2014an ateak itxi zituen Manterola liburu dendaren jabeek, Mari Loli, Maria Luisa eta Juanjo Arbelaiz anaia-arrebek,6.786 libururen dohaintza egin diote Donostia Kulturako Liburutegien Sareari.
Hiru anai-arreben aita, Juan Arbelaiz Iñarra, izan zen dendaren sortzailea 1955ean eta itxiera arte liburu dendaren izen bereko kalean iraun du. Denda zabaldu aurretik, Arbelaiz aita, liburu zaharren salerosketan ibilia zen, euskal gaia zuten liburuak ere saltzen zituen, nahiz zaharrak edo berriak izan. Frankismoaren urteetan Manterola liburu denda erreferente bihurtu zen Donostian legez kanpo edo zentsurapean zeuden liburuak lortzeko orduan.
Hurrengo urteetan liburu denda gai gehiagotara zabaldu zen eta, liburu zaharretaz gain, mapak, grabatuak, litografiak eta iraganaren lekuko ziren beste edozein argitalpen izaten zuten. Horretaz gain, Manterola liburu zaleen topagune bihurtu zen. Dendaostean solasaldi luzeak egiten ziren, bertan biltzen ziren garaiko liburuzale ospetsuak, besteak beste Julio Caro Baroja, Juan Antonio Garmendia eta Juan Garmendia Larrañaga.
Hirurogei urteren ostean, 2014. urtean, pertsiana jaitsi zuen Erdialdeko Manterola kaleko liburu salerosketa dendak. Euskadiko Editoreen Elkartearen Argital saria jaso zuen Arbelaiz familia, 2008ko maiatzean, liburu dendaren ibilbideagatik.
Donostia Kulturaren Liburutegi Sareari egin zaion dohaintzan azpimarragarriak dira XVII. mendeko 4 liburu eta XVIII.mendeko beste 40. Gainontzekoak, XIX., XX. eta XXI. mendekoak dira. Liburuen proportzio handia deskatalogatuak dira, tirada motzekoak edo bere garaian lortzeko zailtasuna izandakoak. Guzti horrek balio erantsi bat ematen dio bildumari. Gaiari dagokionez, gai guztietako liburuak daude, baina gehiengoak historia, erlijioa, filosofia, geografia eta arte mundukoak dira.
Liburuen prozesu teknikoaz arduratzen diren liburuzainek orain azterketa lana egin behar dute, banan-bana katalogatu, dagokien sailkapena eman eta Donostia Kulturako Liburutegien Sarean kokapen egokia bilatu, nagusiki Liburutegi Nagusian eta San Telmoko Liburutegian.