Uretara eroritako gizonezkoa bilatzen jarraitzen dute
Gaur 10:00ak aldera hasi dira berriz lanean larrialdi zerbitzuak.
Atzo arratsaldean Salamanka pasealekuaren pareko arroketan zebilen 50-60 urte arteko gizon bat uretara erori zen. Pasealekuan zegoen bikote batek eman zuen abisua, 17:30ak aldera. Gizon bat arroketan zebilela ikusi zuten, baina, une batean, bistatik galdu eta ez dute berriro ikusi. Hori dela eta, larrialdi zerbitzuetara deitu zuten.
Donostiako suhiltzaileak eta Udaltzaingoa, Ertzaintzaren helikopteroa eta urpekariak, eta Gurutze Gorria, besteak beste, lanean eman zuten arratsalde osoa gizona aurkitzeko. Iluntzerarte izan ziren bertan, baina ez zuten aurkitu, eta gaur 10:00ak aldera berriz hasi dituzte bilatze lanak.