Txanpuene baserria, desagertzear
Arbaizeneako urbanizazio proiektua dela eta, udalak Amarako azken baserria botatzeko asmoa du. Lursail honetan luxuzko etxebizitzak eta Txanpon Enea parkea egitea aurreikusita dago.
Hondeamakinak lan eta lan ari dira Arbaizenea inguruan. Amara gainetik, Txanpuene baserritik ikus daitezke. Ustekaberik egon ezean, laster bertara iritsiko dira, eta Amarako azken baserria botako dute. Mehatxua aspaldikoa da, 2005. urtekoa.
Iñigo Etxabe (Amara, 1964) Txanpueneko maizterra da. 150 urte inguru dira bere arbasoak baserrira iritsi zirenetik. Berak bizitza osoa eman du, bertan jaio zen. Krisia dela eta, Arbaizeneako urbanizazio prozesua atzeratu egin dela uste du. Lehen abisu hura izan zutenetik, urtero Txanpuene Eguna ospatu izan dute, ekainean, agur moduan.
Aurten ekainaren 5ean egingo dute. Baserritarrez jantzi eta erromeria egiten dute auzotarrek. Jada XI. Txanpuene Eguna izango da, eta dirudienez, azkena.
Azaroan baserriaren jabeek jakinarazi zioten Etxaberi lursaila saldu zutela, eta Neinor Home higiezinen enpresaren esku geratuko zela. Luxuzko etxebizitzak egingo dituzte, igerileku eta lorategiekin, euren webguneandagoen informazioaren arabera.
Etxabek uste du laster hasiko direla Txanpuene botatzeko lanak: «Oraingoz urruti daude hondeamakinak, baina ez dakigu noiz arte». Lanak Txanpuenetik bertatik hasteko asmoa zutela azaldu du. Arbaizeneatik hasi behar izan dute, ordea, ez baitute Txanpuenen sartzeko baimenik:?«Eraisteko baimena eskatu dute, baina epaitegira jo genuen, eta oraingoz zain gaude». Interdiktu bat jarri dute, nahiz eta ezer lortzeko esperantza gutxi duten .
Etxaberen arabera, udalbatzak erabaki zuen lursail hau eraikitzeko eremua izatea, eta hori izan da mehatxuaren jatorria:?«1997. urtean udalak akordio bat egin zuen albatarrekin. Beraiek Arbaizeneako lursail lauarekin geratu ziren, eta udala, Txanpueneren aurrealdean dagoen gune berde eta aldapatsuarekin». Etxaberen ustez, udalak albatarrei jabetza kentzeko aukera galdu zen orduan. Udalak 10 hektarea eskuratu zituen, eta eremu horietan eraikiko du «hiriko parkerik handiena», Txanpon Enea. Morlanstik, Amaratik eta Aietetik sarbidea izango duen berdegune bat.
Abokatuekin hitz egin du Etxabek, baina ez diote baikor izateko arrazoirik eman: «Lehen lege bat zegoen. Maizterrak bazuen eskubidea lursailean geratzeko, urteetan zehar jarritako diru kopuruaren arabera. Maizterrak izanik eskubide batzuk genituela suposatzen da. Lursaila eraikigarria bada, ezin da adostasunik lortu jabearekin, hala dio legeak. Beraz, ez dugu esperantza handirik».
Mireia Mochales auzotarrak ongi ezagutzen du baserriaren historia, eta Etxaberen egoerarekin penatuta dago:?«Hemen bizi izan dira, behintzat bertan geratzeko saiakera egin behar dute».
Altxorra, XIX. mendeko iturria
Txanpuene baserriak, auzoan geratzen den azken baserria izateaz gain, badu altxor bat bere lurretan. 1.800. urte inguruko iturri-aska bat dauka. Jabeek ere ez zekiten horrenbesteko balioa zuenik, Aranzadiko lagun batzuekin gaia komentatu eta aztertzen hasi ziren arte. Mireia Mochalesen arabera, hainbat liburutan jasota dago iturri honetako ura –inguruko baserrietan ziren beste hainbat iturriek bezala– Donostia urez hornitzen zuen akueduktora iristen zela. Hain zuzen, akueduktoa Morlansen hasi, eta egungo Autonomia kaletik zehar, Parte Zaharreraino eramaten zuen. «Txanpuenetik ura hartzen zen Donostiara eramateko, eta abereak ere eramaten zituzten ura edateko.
Etxabek azaldu du udal teknikariek zalantzan jarri zutela iturriaren balioa: «Nik gonbidatu nituen iturria ikustera. Iturria monumentu historiko gisa katalogatuta zegoen, 2010. urtea arte. Obrari enbarazu egiten ziolakoan, kategoria hori kentzea erabaki zuten. Iturria estali egin zutela salatu du Etxabek.
Asteburu honetan, hain zuzen, iturria berreskuratu nahi dute auzolanaren bidez:?«Iturriaren eta baserriaren historia galtzeak pena handia ematen zigun. Nire adineko jendeak ziur ezagutzen duela hau guztia, baina donostiar asko daude hau guztia existitzen denik ere ez dakiena. 1940. urtea arte Etxabetarren eta euren abereen beharrizanak asetzeko erabili zuten.
Larunbatean Txanpuenera joateko deia egin dute, «hau guztia desagertu baino lehen». Auzolanean parte hartzera animatzeaz gain, bisita gidatuak egingo dituztela plazaratu dute:?11:00etan, 16:00etan eta 19:00etan. Egun osoan zabalik izango da baserria.
Aste honetan Donostia 2016ren Olatu Energiak programaren diru laguntza jaso du Txanpueneko iturriak. 2.016 euroko laguntza jasoko du iturria berreskuratzeko. Iturria Txanpon Enea parke berriaren barruan geldituko dela ziurtatu dute.
Txanponene zenekoa
Egun Txanpuene izenez ezaguna da, baina Josu Tellabide etnologoaren arabera, Txanponene izenarekin agertzen da Lorenzo Alzarte Donostia hiriko idazkariak 1862. urtean egindako erregistroan. Teilatuaren gailurrean harrizko gurutze bat du, Gipuzkoako kostaldeko baserri askok bezala. Baserriaren beste berezitasun bat da ateburuan duen grabatua -kanpotik ikusten da, San Roke kaletik-:?La Nueva Barceloneta (1773) izena. Iñigo Etxabek azaldu du beharbada jatorrian komentu bat izan zela: «Baserria izateko beheko eta goiko ukuilua gehitu zioten, errepidetik begiratuta argi ikusten da».
Amara inguruan geratzen den etxe zahar bakarretakoa da. San Roke gainean dago, baratzaz inguratuta. San Rokeko etxe berri eta gune urbanizatuaren erdian oasi txiki moduko bat da. Inguruko baserriak galdu egin ziren, baita bere izenak ere: Unanue, Korreo eta Diruna. Azken hau Txanpueneren aurrean zegoen, errepidearen bestaldean.