AB Krosak euskaraz bete du Amara Berri
115 korrikalarik parte hartu dute III. AB Krosa lasterketan. Eguraldi txepela egin duen arren, festa giroa nagusi izan da Probestu plazan, eta lasterketak zeharkatu dituen kaleetan.
Lasterketa bat baino gehiago da AB Krosa, eta marka on bat egitea ez da garrantzitsuena… Baina nork lortu du markarik onena? Bada, Durangora joan da gizonezkoen lehen saria: Ekaitz Kortazarrek egin du markarik onena (19 minutu eta 19 segundo). Mozorrotuta egin du korrika Amara Berriko euskararen aldeko lasterketa! Bakarrik egin du korrika, bere kuadrilla guztia animatzen ari zen bitartean. Parranda giroz bete dute lasterketa, ezkon aurreko agurra ospatzen ari baitziren. Pankarta eta guzti joan dira animatzera.
Emakumezkoen markarik onena Eguzkiñe Zabaletak egin du (24 minutu eta 25 segundo). Auzotarren artean, Josu Erkiziak eta Ana Lopezek egin dituzte markarik onenak, eta urtebetez doan jasoko dute IRUTXULOKO HITZA.
Urtero euskararen aldeko proiektu bat babestu ohi du AB Krosak, eta aurtengo omendua Donostiako Ttan Ttakun Irratia izan da. Irrati libre eta euskalduneko kideak lasterketan izan ziren, eta AB Krosako lan taldearekin batera zuzeneko irratsaioa egin zuten. Lasterketa amaitzean Unai Pelayo Pelax eta Asier Beramendi musikariek kontzertu akustikoa eman zuten.