Milaka lagun elkartu dira erraustegiaren aurkako giza katean
5.000 pertsona espero zituzten, baina gehiago izan direla esan dute antolatzaileek.
Milaka lagunek “ez” esan diote Zubietako erraustegiari. 5.000 pertsonek eman zuten izena, baina antolatzaileek azaldu dutenez, aise pasatu dituzte hasierako aurreikuspenak. Onkologikoa eta Foru Aldundia elkartu dituzte giza katearen bidez.
Ibilbidean zehar banatuta egon dira Gipuzkoako herritarrak. Illunbe eta Zorroaga ingurua egokitu zaie. Txirrindulari tropel txiki batek eman dio hasiera giza kateari. Tropelaren buruan, bi haur; batek, haize-errota koloretsua, erraustegiaren kontrako borrokaren sinboloa, eraman du, besteak, berriz, Onkologikoan mediku batek eman dion mezu bat, kutxatila batean gordeta. Bizikletaren atzetik gerturatu dira denak Gipuzkoa plazara.
Jendea iritsi bitartean, La Jodederak, Mikel Kartonek eta berrogeita hamar emakume inguruk osatutako batukada erraldoi batek alaitu dute giroa. Ondoren, mezua irakurri du Xabier Mitxelena medikuak: “Erraustegi baten inguruan bizitzeak malformazio, minbizi eta bihotz arazoak sor ditzake”.
Clara Perales madrildarrak hartu du hitza gero. Valdemingomezko erraustegitik bost kilometrora bizi da Perales. Hark azaldu du Zubietan “oraindik garaiz” daudela “erraustegia geratzeko”.
Ekitaldiaren amaieran lau mezu ezberdin azpimarratu dituzte antolatzaileek: hasteko, azaldu dute Gipuzkoak ez duela “erraustegirik behar”, gaineratu dute “hitz egiteko prest” daudela baina ez badute nahi “aurrean” izango dituztela. Bestalde, mezu zuzena bidali diete enpresei: “Enpresek diru asko irabaziko dutela uste dute, baina agian galdu egingo dute”. Azkenik, esan dute espero dutela alderdiek eta eragileek “merezi duen erantzuna” emango diotela “erronkari”.
Hainbat donostiarrek hartu dute parte giza katean. Jarraian, argazki galeria: