Erraustegiaren eta egungo eredu politiko-ekonomikoaren aurka protesta egingo dute
Goizeko 11.30etan hasiko da giza katea, Onkologikotik Gipuzkoa Plazaraino.
Erraustegiaren eta eredu politiko-ekonomikoaren aukako protestak antolatu dituzte iganderako.
Bi mobilizazioak euren artean “independenteak” direla azaldu dute.
Erraustegiaren kontrako eta osasunaren aldeko giza katea 11:30etan abiatu da; Onkologikoan hasi eta Gipuzkoa plazaraino. Bost kilometroko bidea da guztira. Hamar geltoki izango ditu giza kateak: Onkologikoa, medikuntza fakultatea, Ilunbeko bidegurutzea, Anoetako sarrera, Eustasio Amilibia eta Madril etorbideko bidegurutzea, Antso Jakituna etorbidea eta Azpeitia kaleko bidegurutzea, Easo plaza, Londres Hotela, Bulebarreko kioskoa eta azkenik, Gipuzkoa Plaza.
Bizitokiaren arabera banatu dituzte geltokiak, hala, onkologikoan medikuak eta Oarsoaldekoak batuko dira; Medikuntzako fakultatean, Urola kostako eta Debabarrenako bizilagunak; Ilunbeko bidegurutzean, donostiarrak; Anoetako sarreran, Tolosaldekoak; Eustasio Amibilia kalea eta Madril etorbideko bidegurutzean, Goierri, Debagoiena, Andoain eta Urnietako bizilagunak; Antso Jakituna eta Azpeitia kaleko bidegurutzean, hernaniarrak; Easo plazan Hernanikoak eta Lasartekoak; Londres Hotelean Astigarragakoak eta Usurbilgoak; eta, azkenik, Bulebarrean Usurbil eta Zubietako herritarrak.
Arlo sozialeko, sindikaleko eta politikoko hogeita bederatzi taldek eman diote atxikimendua osasunaren aldeko eta erraustegiaren kontrako giza kateari. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, EH Bildu, Ahal dugu, ELA, LAB, CCOO, Eguzki, Greenpeace, Ekologistak Martxan eta Zero Zabor.
Gipuzkoa plaza “hartuko” dute
Ustelak lurpera, bizitza da handiena lelopean, Gipuzkoa plaza hartzera deitu dute, Zubietako errauste planta ikur hartuta, baina testuinguru zabalago batean: “Gipuzkoako lau familiaren patrika betetzeko egiten duten jokaldia beti bera delako, haserreak, borrokak eta erantzunak elkartu behar ditugu. Sistema da arazoa, eta horretarako sinbolo bat hartu eta denon artean garaitu behar dugu. Erraustegia Gipuzkoako politika eta sistema ustel honen sinboloa da dudarik gabe”.
Lo zakua eramateko deia egin dute, eta gogoan izan dituzte beste leku batzuetako protesta batzuk: “Herritarrak mundu osoan altxatzen ari dira, plazak hartuz botereari desafio egiten. Nuit Debout, M-15, Saharako Gdem Izik, Istanbulgo Gezi eta mundu osoan zabaltzen ari den Occupy gara. Mundu mailako erantzuna behar du egoerak, eta Euskal Herrian ez dugu gutxiago izan nahi”.
Politika eredua aldatzeko “palanka” izan nahi dute: “Gaurdanik hasita denok hobeto bizitzea nahi dugulako, plaza hartu behar du bizitzak, pertsonek, norbanako bakoitzaren hitzak. Jar dezagun praktikan nahi dugun bizitza. Sakondu dezagun demokrazia zuzenean. Kalean, elkarrekin, eta gure artean sortuko dugun logika baten arabera mugitzen, desafioa gara dena kontrolpean nahi duen boterearentzat”.
Arratsaldeko 16:00etan egingo dute lehenengo asanblada.
IRUTXULOKO HITZAk zuzeneko jarraipena egingo du sare sozialetan.