Bertsojazza itzuliko da Jazzaldira
Viktoria Eugenia Antzokian bat egingo dute bertsolariek eta musikariek, uztailaren 24an.
Zortzi urte igaro dira jada lehen Bertsojazza egin zutenetik Jazzaldian. Viktoria Eugenia Antzokia izan zen orduko eszenatokia, eta publikoaren erantzun ona jaso zuen arren, desagertu egin zen. Aurten, ordea, garai egokia iruditu zaie 2008an egindako emanaldi hartako ideia berreskuratu eta bigarren ekitaldi bat egiteko. “Bertsogintzak modu askotako plazak ditu, tarteka zerbait desberdina egitea polita da”, azaldu du Andoni Egañak Bertsojazzaren aurkezpenean. Hala, berriro ere Bertsojazzaz gozatzeko aukera egongo da Viktoria Eugenian, uztailaren 24an, 22:00etan.
Hauek izango dira partaideak: Andoni Egaña, Jon Maia, Miren Amuriza eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak; Bixente Martinez (gitarra), Amairu Cajaraville (kontrabaxua), Hasier Oleaga (bateria), Julen Izarra (saxoa) eta Xabier Zeberio (biolina) musikariak.
Azken batean, bertso saio bat izango da eskainiko dutena, baina ez ohiko bertso saio bat. Bat-batekotasunean oinarritzen diren bi kultur adierazpide elkartuko dituzte, eta “erronka” gisa hartu dute bai bertsolariek bai musikariek ere. Dagoeneko landu dituzte partaide guztiek doinuak, tonuak eta erritmoak, baina, noski, inprobisazioa izango da gakoa. “Ez da aurrekoaren bigarren zatia izango; bertsoalditik gehiago izango du kantutik baino. Bidean jada ongi pasatzen ari gara, emaitza ere ona izatea espero dut”, aipatu du Beñat Gaztelumendik.
Sarrerak salgai daude jada.