Metroaren ibilbidea irudikatu dute Kontxan, azpiegituraren "zentzugabekeria" salatzeko
Donostian metroaren proiektua salatzeko ekintza informatiboa egin zuten larunbatean Kontxako hondartzan. Metroaren proiektuaren aurkako ekintzaileek lurrazpiko azpiegiturak Kontxako hondartzan egingo duen 300 metroko ibilbidea irudikatu zuten. Metroari stop dioten 60 bat bandera jarri zituzten hondartzan, baita Metroa Kontxaren azpian… Erokeria! kartelak ere.
Donostian metroaren proiektua gelditzeko sinadurak bildu eta informazioa banatu zuten Kontxako erlojuetan. Halaber, Metroaren proiektuak hondartzaren azpian izango duen sakonerari buruzko informazioa bistaratu zuten. Jendeak harriduraz hartu zuen ekintza. Herritarrei metroa gelditzeko bederatzi arrazoi azaldu zizkieten.
Manifestazioa egingo dute ekainaren 18an, Donostian Metroaren egitasmoa gelditzeko eta Donostiak behar duen garraio-ereduaren inguruan eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat ireki dadin eskatzeko.