Uztailean hasiko dira SUMMA Aldapeta ikastetxe berria eraikitzen
2018ko irailerako amaituko dute.
Amaran, San Bartolome inguruan eraldaketa prozesu bat abian da. Inguru guztia eraldatu eta hiriko hirigintza proiekturik handienetariko bat abian da dagoeneko.
Gaur, puzlearen beste elementu bat aurkeztu dute: SUMMA Aldapeta ikastetxe berria.
Ikastetxeko zuzendari orokorrak, Javier Cortes Soriano, Eneko Goia alkateak eta Pedro Marco Amenabar enpresako zuzendari kudeatzaileak eman dute proiektuaren berri, Tabakaleran.
Uztailean hasiko dituzte eraberritze lanak, eta 2018ko irailerako amaituko dituzte. Aurrekontua, berriz, 15 milioi eurotik gorakoa izango da, baina “hezkuntzan inbertitzea, inbertsio ona” dela nabarmendu dute.
Duela bi urte Marianistas, Villa Belen eta San Bartolome ikastetxeek bat egin zuten, eta bateratze horren baitan dator orain birmoldaketa. 1881. urtetik ia ikutu gabe dagoen eraikina guztiz eraitsiko dute. Bi fasetan egingo dute eraistea, eta horrela, ikasleen jarduna ahalik eta gutxien oztopatuko dute. Eraikin berria eraiki ahala lekualdatuko dituzte.
Gune berean 47 etxebizitza ere eraikiko dituzte.
Jose Antonio Loren arkitektoak diseinatu du eraikin berria. Zazpi solairu izango ditu. Eliza eta eraikin nagusiak hartuko dute ikastetxearen fatxada berria. Cortes Sorianok azaldu duenez punta-puntako teknologia eta azpiegiturak eraikiko dituzte, ikastetxe berria “XXI. mendeko ereduzko ikastetxea” izan dadin.
2.000 ikasletik gora ditu SUMMA Aldapetak gaur egun; Gipuzkoan ikasle kopuru gehien dituen ikastetxea da. Ekainaren 14an ekitaldi ireki bat egingo dute Tabakaleran, 19:30ean, jendarteari eraldaketa proiektua erakusteko. Gainera, Jose Antonio Marina filosofo, idazle eta pedagogoak XXI. mendeko hezkuntzaren erronkei buruzko mahai ingurua eskainiko du.