Pilotari eskainitako zikloa egingo du Euskadiko Filmategiak
Euskadiko Filmategiak ekainerako antolatu duen Zinema kantxara zikloaren protagonista. Zikloa ekainaren 2an, ostegunean, abiatuko da eta Xabier Euzkitze kazetari eta euskal pilotan adituak aurkeztuko du lehen saioa. Honako filmak proiektatuko dituzte: 1948ko buruz buruko txapelketaren finala: Gallastegi-Atano III (Antonio Sarasua, 1948), 1948ko azaroaren 28an Miguel Gallastegik eta Atano III.-ak jokatu zuten finalaren irudiak -Gallastegi gailendu zitzaion Atano III.-ari 22-6 irabazita-; Around the world with Orson Welles: Pays Basque I-II (Orson Welles, 1955), errealizadore estatubatuarrak telebista britainiarrarentzat 1955ean zuzendutako telesail batetako (Around the world with Orson Welles) lehen bi atalak (Pays Basque I eta II), lehenak euskal gizartea eta bere ohiturak islatzen ditu, eta bigarrenak, berriz, euskal pilotan sakontzen du; Pelotari (Nestor Basterretxea-Fernando Larruquert, 1964), euskal pilotaren modalitate desberdinak erakusten ditu eta garaiko pilotari ezagunek parte hartzen dute, eta El pelotari (Eugenio Monesma, 1998), Ramiro Viguera pilotari logroñoarrak pilota egiteko prozesua azaltzen du.
Bigarren emanaldian, ekainaren 9an, ondorengo filmen txanda izango da: Pelota (Jørgen Leth, 1983), Jørgen Leth zuzendari danimarkarrak euskal pilotarekiko egindako gerturatze kultural eta historikoa; Beti-Jai: la Capilla Sixtina de la pelota (Richard Zubelzu, 2015), Madrilgo Beti-Jai frontoiaren gainbehera azaltzen du, eta Las pelotaris (Daniel Burgui-Andrés Salaberri, 2015), emakumeek kirol honen baitan duten presentzia aztertzen du.
Ekainaren 16an, Jai Alai Blues (Gorka Bilbao, 2015) proiektatuko da, hau da, zesta puntaren (Jai Alai) ospea eta gainbehera erakusten dituen film luzea. Gorka Bilbao pelikularen zuzendariak aurkeztuko du emanaldia.
Ekainaren 23an La noche avanza (Roberto Gavaldón, 1951) erakutsiko da. Melodrama beltz mexikar honek partida bat galtzea onartzen duen Jai Alaiko pilotari harroputz baten istorioa kontatzen du. Kopia Cineteca Nacional de Mexicok utzi du, eta eskubideak Fundacion Televisak eman ditu.
Azkenik, ekainaren 30ean, Abel Barriola pilotariak bere film gustukoena aurkeztuko du: Dersu Uzala (Akira Kurosawa, 1975). Pelikula gogoangarri honek bi pertsonen artean sortutako harreman berezia kontatzen du; batetik, Vladimir Arseniev bere destakamenduarekin taiga siberiarrean prospekzio geologikoak egiten ari den kapitaina, eta bestetik, Dersu Uzala kapitainari naturarekiko maitasuna eta errespetua erakutsi dizkion ehiztari nomada. Mosfilmek zaharberritutako bertsioa proiektatuko da.
Proiekzioak ekaineko ostegunetan izango dira, 19:00etan, Tabakalerako zinema aretoan. Sarrerak (3,5 euro) salgai daude dagoeneko Tabakalerako informazio puntuan. 18:30etik aurrera leihatilara agertzen diren 25 urtez azpiko lehendabiziko 25 gazteek doako sarrera izango dute haien NANarekin ziurtatzen badute ez dituztela oraindik 25 urteak bete.
https://vimeo.com/139877464
Euskal pilota izango da