Smart kaleen egitasmoa Altzara helduko da
Txirrita bertsolariaren kalea egokituko dute.
Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatutako akordio baten ondorioz dator Altzako egitasmoa. Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko diputatu Marisol Garmendiak eta Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Ernesto Gascok eman dute elkarlanaren berri.
Pasaiako badia eraberritzearen baitan kokatu dute Altzako proiektua ere: “Urte luzez elkarri bizkarra emanda bizi izan dira Pasaia ingurua eta Donostialdea, eta proiektu honekin harremanak sendotuko ditugu”, esan du Garmendiak.
Foru Aldundiak 125.000 euroko diru laguntza (aurrekontuaren % 85a) emango du Altzako kale batean smart sistema garatzeko. Gascok azaldu duenez, udalak bazuen aurrekontuetan diru partida bat Txirrita Bertsolariaren pasealekua eraberritzeko. Hortaz, auzoko merkatariek oniritzia ematen badute, bertan garatuko dute Smart eredua.
Energiaren erabilera eraginkorragoa izan dadin gailuak jarriko dituzte etxebizitza eta saltokietan. Kaleko argiteria adimentsua, edo puntako teknologia erabiliko dituzte energia kontsumoa murrizteko eta isuritako CO2 kopurua gutxitzeko.
Aurreko legealdian Parte Zaharreko Kale Nagusian jarri zuten abian Smart kaleen eredua. “Eredu hori Altzara zabalduko dugu orain, baliabide ekonomiko gutxien duen auzoetariko batera”, esan du Gascok; “Hiri garapen integrala eta orekatua” lortzea delarik helburua.
Altzako Merkatari Elkartearekin adostasun bat lortzen badute, Txirrita Bertsolariaren pasealekua smart kale bilakatuko dute. Hau da, energia-eraginkortasuna, iraunkortasuna eta puntako teknologia erabilita bertako energia kontsumoa jaitsi eta bizi kalitatea hobetuko dute.