Txanpuene Eguna ospatuko dute igandean
Amarako azken baserrian egun osoko festa egingo dute.
Arbaizeneako urbanizazio proiektua dela eta, Donostiako Udalak Amarako azken baserria botatzeko asmoa du. Lursail honetan luxuzko etxebizitzak eta Txanpon Enea parkea egitea aurreikusita dago. Auzotarrek Txanpuenek gordetzen duen altxor handi bat gorde nahi dute, XIX. mendeko iturri bat. Joan den asteburuan Txanpuene baserria ezagutu eta iturria berreskuratzeko auzolana egin zuten. Harrera bikaina izan zuen. IRUTXULOKO HITZAk egindako irudi galerian ikus daiteke Txanpuene baserriaren inguruaren edertasuna.
Txanpuene baserrian ospatuko dute Txanpuene Eguna. Baserria desagertzeko mehatxua hasi zenetik hasi ziren ospatzen urtero, eta geroztik 11 urte igaro dira. Aurtengoa XI. Txanpuene Eguna izango da. Herri kirolak, dantza, sagardoa, euskal musika, haurrentzako jolasak, toka txapelketa, txalaparta, bote txapelketa… Igandean egingo dute ospakizuna, 12:00etan. Aurresku eta ongi etorri batekin hasiko dute eguna. Ondoren ‘hamabitakoa’ jan, eta tortila txapelketa egingo dute. Haurrentzako joalsak ere prestatuko dituzte goizean zehar. Denek elkarrekin bazkalduko dute 14:30ean, eta bazkal ondoren toka txapelketa jokatuko dute. Arratsaldean, 17:00etan, bisita gidatua egingo dute Txanpuenen, eta erromeria hasiko da. Txanpuene Egunean baserritarrez janzteko deia egin dute antolatzaileek.