Belartzako harrobiko lanak gelditu dituzte
Haritzaldek, beste hainbat talde ekologistekin batera, lanak ilegalak zirela salatu zuen: “Dena irregulartasunez josita baitzegoen eta lege ezberdinak urratu dira, prozedurak ere zalantzazkoak izanik”.
Atzo arratsaldean Donostiako Udaltzaingoak Belartza-harrobia eremuko lan guztiak berehala geldiarazteko Udal Agindua obragileei eraman ziela azaldu du Haritzaldek: “Orain Udalak Lurzoruaren Legea, 172.2 Artikuluan urratzen duela aitortu behar izan du”.
Lehenengo salaketatik ia 2 hilabete geroago, atzo, Hirigintza zinegotzi Enrique Ramosek lanak gelditzeko agindua sinatu zuela azaldu du Haritzaldek: “Bitxia bada ere, duela egun gutxi, geuk berriro ere salatu genuenean kontrakoa esaten irten zen. Dena legala zela eta lanok aurretiko obrak zirela, prestaketa-lanak. Harrobi oso bat desagerraraztea, tunel bat kenduz, milaka tona harri eta lur mugituz prestaketa-lanak badira, zer dator bada orain? Egun eskas batzuk baino ez dira igaro Udalak, zinegotziak berak, Belartza 2 eremuan betelana egiteko baimena eman zienetik. Baimen hura ilegala zen eta hala salatu genuen. Joan den astean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak Belartza-harrobiko lanak esleitzeko lehiaketa argitaratzen zuen, aspaldian esleituta daudenean eta hilabeteak lanean daramatzatenean. Hori ere salatu genuen, baina zinegotziak ilegala zenik uko egin zuen. Orain gelditzeko agindua eman du. Hala ere, gaur goizean lanean ziharduten, argazkietan ikus daitekeenez”.
Belartzako lanak direla eta, zigorrak eta ondorio politikoak izatea espero duela adierazi du Haritzaldek. Gertatutzakoa oso larritzat jo du: “Behingoz obra gelditzeko, hartu beharreko neurri guztiak hartzea, lege-urratzaileak zigortzea eta udal mailan dauden ardurak argitzea nahi dugu. Garbitasun eta osasun demokratikoa eskatzen dugu, besterik ez”.
Añorgako Belartzako harrobian Mercadona eraikitzeko lanak geldiarazi dituztela jakinarazi du Haritzalde Naturzaleen elkarteak: “Antza denez, Donostiako Udaltzaingoak obra guztiak berehala gelditzeko agindua eraman du. Gaur, ordea lanean dihardute, salatu dugunez”. Udaltzaingoan salaketa jarri dute.