Belartzako harrobiko lanak 15 bat egunetan abiatuko direla iragarri du udalak
Belartzako harrobiko lanak geldiarazi dituzte. Atzo geldiarazi zituzten, baina gaur oraindik hondeamakinak lanean jarraitzen dutela salatu du Haritzaldek.
Enrique Ramos Hiri proiektuetako zinegotziak eman ditu egoeraren gaineko azalpenak. Belartzako harrobiko urbanizazio proiektua onartua dagoela gogoratu du; maiatzean onartua eta apirilean argitaratua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Hortaz, Belartzako harrobian saltokiak egiteko baimena badute promotoreek. Dena dela, egitasmo pribatua izan arren, badituztela legezko betebehar batzuk esan du Ramosek, eta horiek ez dituztenez bete, lanak gelditu dituzte behin behinean.
Enpresak lanen eskaintza publikoa egina dute, baina oraindik ez dute lanen adjudikaziorik egin. Izapide hori amaitzea “denbora kontua” dela esan du Ramosek, eta 15-20 egunetan lanak berriro abiatzeko moduan egongo direla iragarri du.
Gainera, izapideak guztiz amaitu aurretik lanak hasi dituzte. “Teorian gerora hasiko diren urbanizazio lanen prestaketa lanak egiteko baimena zuten soilik. Hainbat herritarren salaketei esker lan horiek areago zihoazela ohartu ginen, eta horregatik eman dugu geratzeko agindua”, esan du Ramosek.
Gaur oraindik hondeamakina batzuk lanean jarraitzen duten arren, mantentze lan txikiak direla argitu du Ramosek, eta lanak berehala geratzeko agindua dutela.
Belartzako harrobiko lanek ez dutela zerikusirik Belartza 2 edo Añorgan egin nahi duten industriagune berriko lanekin azpimarratu du zinegotzi sozialistak.