Mikel Laboa eta Gladys del Estal zubietako sarreren arteko bidea da zelaituko dutena.
Egiako parkean zelaitu nahi duten bidea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Loiolako Erriberako bizilagunek Amara edo Erdialdera joateko bide gisa erabiltzen dute jada Egiako parkea. Aldapa handia dago, ordea, Loiolako sarreratik (Mikel Laboa zubitik) Amarako sarrerara (Gladys del Estal zubira).
Batez ere Loiolako Erriberako bizilagunen eta elbarrituen elkarteetako ordezkariek egindako eskariari erantzunez, malda hori zelaitzea erabaki du udalak.
Lehen ere izan zen gaia mahai gainean, baina ingurumen teknikarien aurkako txostenaren ondorioz garatu gabe geratu zen.
Orain proiektu berri bat aurkeztu du udalak: Mundaizko hormari itsatsita beste bide bat egingo dute, gehienez
% 6ko malda duena; oraingoak % 17koa du. Horretarako
20 bat zuhaitz atera beharko dituzte. Alfonso Gurpegi, Gune publikoetako zinegotziak azaldu duenez, “bide bazterrean dauden zuhaitz gazteak dira botako direnak, pare bat besterik ez handietakoak”. Hala, parkean eragingo den kaltea txikia izango dela uste du udal gobernuak.
Malda jaistearekin batera Mundaiz ikastetxerako sarrera mugituko dute. Eta sarrera berri bat ere egingo dute ikastetxeak Urumea ibaian duen ontziratzeko lekura.
Uztaila bukaeran edo abuztuaren hasieran hasiko dituzte egokitze lanak. Bi hilabete beharko dituzte amaitzeko, eta 100.000 euroko aurrekontua izango dute.
Bestalde, Enrique Ramos Hirigintza zinegotziaren arabera, Egiako parkeko joan-etorriak asko ugarituko dira datozen 5-10 urtean, Loiola eta Txomin Eneako hirigintza proiektuen ondorioz. Zelaitze lan hauekin erabiltzaileen
irisgarritasuna asko hobetuko dela uste dute.
Parkea edo bidea?
Astelehenean eman zieten proiektuaren berri herritarrei. Udal teknikari eta zinegotziak Loiolako Erribera, Amara eta Egiako auzo elkarteekin bildu ziren, eta han izan ziren Mundaiz ikastetxeko guraso elkarteko kideak, elbarrien elkarteetako ordezkarik, Haritzalde eta Eguzki ere.
Orohar, parte hartzaileen harrera ona izan zela adierazi du Gurpegik.
Egia Bizirik auzo elkarteko kideak eta Eguzki dira proiektua begi onez ikusten ez dutenak: “Parke izaera onartu beharrean, hiriko bide baten trataera bera eman nahi diote pasabide honi”, salatu du Berdaitz Gurutzeaga auzo elkarteko kideak.
Irisgarritasunaren izenean, auzotar batzuen interesei begira egindako proiektua dela uste dute, eta ez zaie bidezkoa iruditzen: “Parkea errespetatu beharrean norbanakoen erosotasunaren arabera moldatu nahi dute. Jendearen beharretara egokitu behar dute parkea, maldak kenduz. Hiriko beste edozein bide bezala tratatu nahi dute, eta hiriko arauak aplikatu nahi dituzte, parke bat dela, babestutako natur gune batetaz ari garela kontuan izan gabe”.
Loiolako Erriberakoek ibaiaren ertzetik badutela Amara edo Erdialdera joateko bide bat dio Gurutzeagak. 2006an Mikel Alonso arkitektoak egindako alternatiba bat ere gogoratu du. Loiolako Erribera eta Amara lotzeko zubitik zubirainoko bide baten proiektua egin zuten, Mundaiz ikastetxetik barrena, parkean sartu gabe.
Proiektuari aurre egiteko neurri judizialen bat hartzeko aukerarik ba ote duten aztertzen ere ari dira auzo elkarteko kideak. “Azkenean nahi dutena egingo dute, baina gu ez gatoz bat; alternatibak badaude, beraz, utzi dezatela parke bakean. Parkean aldapa dagoelako malda kentzea, zer izango da hurrengoa?, ezin dugu hain geurekoiak izan”, dio Gurutzeagak.