Sami herriko kultur elkarte bat Donostian izango da
Sami herriko Non Fiction Sami Writers elkarteko 28 kide etorriko dira Donostiara ostegunean, eta euskararekin lotutako proiektuak ezagutuko dituzte. Bost eguneko egonaldia egingo dute Euskal Herrian. Duela lau urte ere bisitan izan ziren. Orduan Bilbon izan ziren, eta euskararen unibertsoa ezagutzeko hainbat proiektutako kideekin elkartu ziren. Europako kultura gutxituen erronkak trukatu eta konpartitzeko egonaldia izan zen.
Donostian bertako jendearekin egon nahi dute, harremanak landu. Kontseilua eta Donostia 2016rekin protokoloaz hitz egingo dute, Garabiderekin ere egongo dira, eta ziur asko Mintzolan ere izango dira.
Bagera Euskaltzaleen Elkarteak Donostiako Euskararen ibilbide gidatua egingo du ostegunean (ekainak 2, 19:00), eta bertan parte hartuko dute sami herriko 28 lagunek. Ostiralean Egiako Arrano elkartean afalduko dute. Afaria doan izango da, baina bertan afaldu nahi dutenak lehenbailehen izena eman behar dute. Gaur da azken eguna.