Erraustegiaren aurkako aldarrikapenak asteburuan bizirik jarraituko duela diote Gipuzkoa Zutikeko kideek.
Gipuzkoa Zutik mugimenduko kideek prentsaurrekoa eman dute eguerdian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Erraustegiaren aurkako mugimenduak puri-purian dirau Gipuzkoa plazan. Prentsaurrekoa eman dute gaur eguerdian, eta Gipuzkoa Zutik mugimenduaren arabera gero eta indartsuagoa da aldarrikapena, eta kalea denona dela gogorarazi dute. Ez dute erraustegirik nahi eta hala adierazi dute: “Guztion osasuna ez dago salgai. Denon esku dago proiektu hiltzaile hau geratzea”.
Bi dei zabaldu dituzte. Batetik, gaur 18:00etan, protesta egingo dute Gipuzkoa plazan bertan, eta bestetik, gaua plazan igarotzeko jendea ere animatu nahi izan dute. Asteburuan aldarrikapenek ez duela etenik izango diote.
Hainbat herritarrek kanpaldia hasi zuten maiatzaren 29an Donostiako Gipuzkoa plazan; lau egun geroago udaltzainek hustu egin zuten, Ertzaintzaren laguntzarekin, baina berriro ere elkartu dira.
Goizean bi lagun identifikatu eta atxilotu ditu Ertzaintzak, baina askatu dituzte dagoeneko.