Belartzako lanen inguruan aritu da Ricardo Burutaran zinegotzia.
Belartzako lanen irudia.
Belartzako lanetan udalak izandako jarrera salatu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. “Obretarako lehiaketa publikoa errespetatu gabe hasi dira lanekin; legea bete gabe”, aipatu du Burutaranek. Gezurrekin estaltzen ari dira gertatutakoa zinegotziaren hitzetan: “Ez al da lojikoagoa orain arte egondako salaketa guztiak aztertzea? Hiru kontu salatu dituzte, obretako harriak Belartza 2 egin nahi duten tokira mugitu dituztela, pistak ireki dituztela, eta gunea zabaltzen ari direla. Momentuz kontu bakarrari ireki diote auzibidea”.
Obren kostua 1.300.000 eurokoa izango dela aipatu du Burutaranek, eta lehiaketa beharrezkoa den arren, behin obrak hasita ireki dutela. “Lehiaketa beharrezkoa zen interes publikoko zati bat duelako eta ondoren espaloien eta beste kontu batzuen kudeaketa udalak eramango duelako”. Gainera, Enrique Ramos Hiri proiektuetako zinegotziak esan zuena gezurra dela dio Burutaranek, obrak ez zirela prestaketakoak.
Prentsaurrekoa eman zuen atzo Ramosek, eta bere hitzetan, Belartzako harrobiko urbanizazio proiektua onartua dago. Ramosek adierazi zuen maiatzean onartu zutela eta apirilean argitaratu zutela Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Gainera, Belartzako harrobiko lanek ez dutela zerikusirik Añorgan egin nahi duten Belartza 2 industriagune berriko lanekin azpimarratu zuen Ramosek.
Edonola, obrak geratu egin dituzte, baina udalaren arabera, hamabost egunetan berriz abiatuko dituzte.