Itziar Eizagirrek ‘La piel del asfalto’ plaquetta argitaratu du. Urte luzez idatzi izan dituen testuen aukeraketa bat egin du, istorio koherente bat sortuz guztiekin.

Itziar Eizagirre, Saguesko banku batean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Ingurumen abokatua da lanbidez Itziar Eizagirre (Gros, 1973), baina txikitatik datorkio idazle sena, eta sen horri ez dio mugarik jarri sekula. Areago, sormen beharrak bultzatuta idazten du.
Ume garaian, 12-13 urteko neskatila zela, hasi zen idazten. Errealismo magikoa, ametsen eta errealitatearen arteko lotura eta natura; horiexek ziren orduan bere luma bideratzen zuten gaiak, eta neurri handi batean bere bizitza bideratu dutenak ere bai.
Urtetako etorria nolabait biltzeko, eta beretzako sortzen zuen hori guztia hedatzeko,
La piel del asfalto plaquetta argitaratu du orain Eizagirrek. Urteen joanean idatzi dituen hainbat testuren artean aukeraketa bat egin du, eta bildumatxo bat osatu du, istorio koherente bat sortuz. “Degustazio poetiko” gisa deskribatzen du bere liburuxka.
Ipuinak eta istorio laburrak ere idatzi izan ditu Eizagirrek, baina
poesia da gehien jorratzen duen aldaera.
Agian aukerarik zailena izan arren, horretarako joera duela aitortzen du: “Poesiak estilo asko ditu, horregatik, zure ahotsa bilatu behar duzu irakurlearengana heltzeko”.
Hartzailea beti kontuan izaten du Eizagirrek, eta bere idatziekin zerbait helarazten saiatzen da beti: “Badira irakurri, eta zentzu bat bilatzen zailak diren idatziak. Nik normalean oso kontuan izaten dut irakurlea, eta gustatzen zait trasmititu nahi dudan hori helaraztea”.
Askotariko gaiak lantzen ditu, baina bere bildumatxoan
ahanztura, maitasun eza, amodio galduaren oinazea, lilura, edo bizitzaren handitasuna bezalako gaiak nabarmendu ditu. “Bizitzak denetarik du, eta sentimendu horiei guztiei uko egiterik ez dago. Sentipen guztiak azaleratu eta aurre egin behar zaie; barruan duzun animalia basati horri aurre egin behar zaio”, dio Eizagirrek.
Idaztea beti izan da ihesbide bat donostiarrarentzat. Nobela beltza eta komikia asko gustatzen zaizkio: “Rock and roll asko; pasteltxoak egiten ez dakien emakume horietakoa naiz”, dio barrezka Eizagirrek.
Argia eta zuzena da bere poesia estiloa. Baina beti ez da bera izaten olerkietan ageri den emakumea: “Beti ematen dio sortzaileak bere kutsua testuari, baina ni ez naiz protagonista. Beste batzuen larruan jartzen naiz, baina denok senti ditzakegun sentimenduak azaleratzeko”.
Bakardadeak, musikak, film bateko sekuentzia, edozerk piztu dezake Eizagirrerengan ideia bat, gogoeta bat, edo esaldi bat. Eta gustuko du gainera ideia etorri ahala idaztea: “Beti agenda gainean daramat, eta bestela ere, nagoen tokian nagoela, edozein lekutan idazten dut burura datorkidana”.
Liburu bat idaztea helburu
Bere buruarekin zuen erronka bati erantzunez ausartu da Eizagirre liburuxka argitaratzera: “Oso gauza xumea da, neronek editatua, eta helburu nagusia nere urtetako idazkiak euskarri fisiko batean jartzea zen. Neure buruarekin lasai geratzea”.
Gustura geratu da emaitzarekin, eta harrituta ere bai jaso duen erantzunarekin: “Gehiegizkoa izan da, oso harrera ona izan du liburuxkak.
Nire lagunei eta ingurukoei izugarri gustatu zaizkie nere poemak, eta horrek asko bete nau“.
Beretzako idatziak ziren testuak konpartitzea “oso aberasgarria” dela aitortu du Eizagirrek, eta literatur munduko pertsona askoren ahotik jasotako kritikak ere oso onak izan dira.
Jendearengan izan duen eraginak animatu du, eta pauso bat gehiago emateko indarra hartu du abokatu donostiarrak.
Liburu bat argitaratzea gustatuko litzaioke: “Polita da konpartitzea, eta inguruan nire liburuxkak sortu duen zirrara ikusirik, ahaleginak merezi duela uste dut”.
Liburu bat argitaratzen badu, ez du helburu komertzialekin egingo;
Kultur ekarpen guztiak onak direla uste du.
Badu liburu bat betetzeko adina material. 40-50 bat poema ditu buruan. Horietako batzuk
La piel del asfalto liburuxkan argitaratutakoak izango lirateke, eta beste hainbat berriak.
Dena dela, lasaitasunez hartu du bere erronka, eta ez dio data zehatzik jarri liburu bat argitaratzeko asmoari.
Bien bitartean sortzen, idazten jarraituko du Eizagirrek. Normalean gazteleraz idazten du, baina baita euskaraz ere: “Euskaraz idazten ditudan testuak pertsonalagoak izaten dira, eta horiek neuretzat gordetzen ditut”.
Edozein dela ere hizkuntza edo estiloa, idazten jarraituko du Itziar Eizagirrek. “Behar kreatiboa” duela onartzen du.
Errezitaldi txiki batzuk ere eskaintzen ditu tarteka: “Oso gauza txikiak izan ohi dira, eremu intimo batean egindako errezitaldiak. Oso gauza politak”.