'2016an ere kultura abordatu'
2016ko ekainaren 10-11, Kantauriko hegia. Itsasoari begira eta itsasora emana bizi izan da Donostia. Arrantza, merkataritza eta korsua. Itsasora zabaldu izan gara, eta itsasoak egin izan gaitu. Eta gaur, Europako Kultur Hiriburu izendatu duten Donostiatik, itsasoari, itsasoko kulturari, are kulturari egin nahi diogu so. Edo kulturei, pluralean. Globalizazio erabatekoaren garaiotan, kulturaz ari garenean, zertaz ari gara?
Paul Gilroy idazle eta ikerlariak 1993an argitaratu zuen The Black Atlantic liburua. Kultura afrikarra, amerikarra, karibetarra edo britainiarra. Berariazko kultura horien aldean, guzti horien nahasketa den kultura berri bat proposatzen du idazleak: Atlantiko beltzeko kultura. XVII. mendean, komertzio triangeluarra (Europa-Afrika- Amerika) hastearekin batera, Atlantikoa pertsonen xehatzaile bilakatu zen.
Aldi berean, ordea, elkartasun korronteak ere eratu ziren, korronte errebeldeak, kulturen arteko trukerako sareak. Azalaren kolorea eta esklabu izaera besterik partekatzen ez zuen jendea pilatu zuten itsasontzietan, askotariko hizkuntzen hiztunak. Ez da doakoa pentsatzea musika lagungarria izan zela bidaietan komunitate berriak eratzeko, musikak zentzua hartzen baitu komunitateen berrosaketan, lekeda gisa. Kulturaren antzera.
Atlantiko Beltzaren historia ez da iraganeko kontua. Aitzitik, ibilbide luzeko lekualdatzeak eta trukeak zabaldu eta azkartu egin dira azken urteotan. 2015eko abenduaren 5a. Iruñeko Alde Zaharrean, ehunka lagun New Orleanseko estiloko haize banda baten atzetik bildu dira. Euskaraz abesten dute, tropikalki dantzatzen. Konpainia kalean, Gaztetxea izango den etxe bat okupatu du haize bandaren segizioak. Gertakari horretatik abiatuta, Katakrak eta Iruñea Nola? kolektiboko lagunek ikastaro bat antolatu dute: “Atlantiko Beltza. Músicas de esclavitud, músicas de resistencia”.
Iruñea bezala, Kantauriko hegian, Donostia da Atlantiko Beltzeko portu. Eta herri mugimenduak, berriz, moila barruan aingurarik botako ez duten ontziak. “Zer sartzen da, eta zer ateratzen, portuetatik?” Ontzia herdoilak jo ez dezan eta txatarra bilaka ez dadin, gogoeta dugu zaintze lana. “Zer gertatu da eta zer gerta daiteke musikaren eta bizitzaren, sorkuntzaren eta kontraboterearen, kultur ekoizpenaren eta askapen mugimenduen artean?” Itsasoari begira bizi izan da Donostia, eta itsasoari egiten dio keinua
DSS.2016.EUk darabilen hizkerak. Itsasoarekin harremanean ehundutako hitzak kontsumitzen ditugu, itsas munduko tradizio/ohiturak, aurrerabidearen izenean; baina, bitartean, itsas mundu horretako lan paisaiak ezabatzen dizkigute. Geure egin izan dugun arrantza ez da sektore ekonomiko soila, errotutako kultura balioa ere bada. Kultura horretatik zer mantentzen dugu? Ba al da halako kulturaren zantzurik? Zeri esaten diote, bada, kultura? Kultura(k), jaiak, musika(k), herritarrak, identitateak… Gogoetak. Topaketak Kantauri Beltzean.
Kantauri Beltza Topaketak, 2016an ere kultura abordatu