Jende gehien pilatzen den guneetan ibiliko dira Gurutze Gorriko boluntarioak
Oinez edo bizikletan ibiliko dira.
Donostiako Udala eta Gurutze Gorriak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute. Hala, zerbitzuak indartuko dituzte, bereziki jende asko pilatzen den gune eta garaietan.
Ezaguna da hondartza garain Gurutze Gorriak hiriko hondartzetan eskaintzen duen sorospen zerbitzua. Ekainaren 1ean hasi zen denboraldia, beraz, dagoeneko itsasertza zaintzen dihardute. 50 sorosle inguruk zaintzen dituzte hiru hondartzak eta uhartea.
Hortaz gain, hainbat zerbitzu berezi eskainiko dituzte. Izan ere, Jose Mari Elordui, Gipuzkoako Gurutze Gorriko arduradunak azaldu duenez, jasotako ekarpenekin, baliabide berriak eskuratzen dituzte hondartzetarako.
Hala, aurten mugikortasun urriko pertsonak uretan sartzeko bi aulki gehituko dituzte; bat haurrentzat eta beste bat helduentzako. Gainera, Gurekin Blai egitasmoaren bidez, behar duen herritarraren etxe, egoitza edo zentroetara joango dira, hala nahi duena hondartzara ekartzeko. Erreskate taula elektriko bat ere izango dute, eta baita botikin medikalizatuak ere.
Uretara sartzeko makulu berezi batzuk ere eskainiko dituzte. Doan dira, eta beharra duenak sorospen postuan eskatu besterik ez du egin beharko.
Haurrak hondartzen ez galtzeko edo galduz gero errazago aurkitu ahal izateko eskumuturrekoak ere eskainiko dituzte.
“Gure zerbitzua gero eta gertuagokoa eta gizatiarragoa izatea nahi dugu, eta horretarako ari gara etengabe lanean”, esan du Elorduik, eta Donostiako hondartzak zaintzeko lana “ohore bat” dela gaineratu du.
Ohiko zerbitzu hauez gain, aurten ahalegin berezia egingo dute “herritarren arreta eraginkorragoa” izan dadin. Bikoteka ibiliko dira hirian barrena, oinez edo bizikletaz. Hiriko gune jendetsuenetan ibiliko dira, batik bat asteburuetan; 10:30etik 14:30era, eta 16:00etatik 20:30era.
Erdialdea, Bulebar ingurua, Parte Zaharrean, eta Kursaal inguruan ibiliko dira gehienbat, baina beharraren arabera mugituko dira batetik bestera. Jarduera bereziren bat egiten bada, jende gehien pilatuko den garaian inguru hartan ibiliko dira.
Zaintza lana da Gurutze Gorriak egingo duena, argi baitaukate Larrialdi Zerbitzuen garrantzia: “112 zerbitzuaren lana ez dugu ordezkatu nahi, inondik inora. Gu osagarriak gara, eta ahal dugun neurrian, sor daitezkeen gertaera txikiak konpontzen saiatuko gara: eroriko txikiak, ondoezak, galduta dabilen jendeari informazioa eman…”, azaldu du Elorduik.
Maiatzaren 28an hasi ziren froga gisa, eta hemendik aurrera ohikoagoa izango da Gurutze Gorriko boluntario gehiago ikustea kalean. “Zerbait gertatu ote den galdetzen digu jendeak. Informazioa ematen ari gara oraindik”, dio Elorduik.
Aurtengo uda denboraldian Donostian abian jarriko duten hau egitasmo pilotua izango da. Emaitza onak ematen baditu, beste hiri batzuetara zabalduko dute ideia. Gurutze Gorriak berak proposatutako zerbitzua da, “herritarrak babesturik senti daitezen uneoro”.