Oihana Agirre presoaren senide batzuek auto istripua izan dute bisitatik bueltan
Dispertsioak aurten eragindako laugarren istripua salatzeko kontzentrazioak egin ditu Etxerat elkarteak. Donostian, gaur arratsaldean egin dute protesta, Egian. Elkartasuna adierazi diete senideei, eta dispertsioa bukatzeko eskatu dute.
Joan den ekainaren 4an Egiako Oihana Agirre presoaren bi senidek auto istripua izan zuten bisitatik bueltan. Brievako espetxetik bueltan, hamaika ordu eta ia 1.000 kilometroren ondoren, Kanpezu inguruan, errepidean basurde bat agertu zen eta gidariak bat batean murriztu behar izan zuen abiadura, eta atzean zihoan furgonetak kolpea eman zion senideen autoari. Etxeratek salatu du senideek derrigorrez egin behar dituzten bidaia luzeen ondorioz gertatutako laugarren istripua dela.