Bera Bera Eskubaloiko jokalariak eta talde teknikoa. (Argazkia: Bera Bera)
Aurreko bi urteetan uko egin behar izan dio, arrazoi ekonomikoengatik; baina, aurtengoan bai, ohorezko mailako liga irabazi ostean, Europako Txapeldunen Ligan parte hartzeko izena eman du Bera Bera Eskubaloiak. Klubak ohar baten bidez azaldu duenez, ez da erraza izan erabakia hartzea: “Hausnarketa serioa eginez, emakumeezkoen Europako goreneko txapelketan parte hartzeko pausoa eman dugu. Kirol emaitzek aukera emandako lehiaketan aritzeko apustua egin du Bera Berak. Hainbat erakunderen konpromisoek babestuta etorri da baiezkoa, baina oraindik lanean jarraitzen du klubak, behar dituen baliabideak lortze aldera”.
Aurreko ukoak tarteko, rakingean puntuak galdu ditu taldeak, eta atariko gogor bati aurre egin beharko dio multzokako faserako sailkatzeko.
Europako federazioak ekainaren 24an baieztatuko du parte hartuko duten taldeen zerrenda, eta uztailaren 1ean burutuko ditu zozketak, Danimarkako Glostrup hirian.