1926. urtean egin zuten lehen aldiz Herrerako krosa, arrakasta izugarria lortuz. Azken urteotan auzoko jaien barruan antolatzen dute norgehiagoka. Hala, etzi, 10:30ean abiatuko dira korrikalariak, San Luis plazatik.

Herrerako krosa. (Argazkia: Kutxa Fototeka)
Hasi dira auzoetako jaiak. Morlans eta Bidebietak bota zuten lehenik txupina, eta orain Larratxo eta Herrera ere ate joka datoz. Festa giroan murgildurik igaroko dituzte datozen egunak auzo horietan.
Paella eta sardina jateak, erromeriak, zezen suzkoa, eta herri kirolekin batera, asko dira auzoetako jaien egitarauan auzo lasterketa bat sartzen dutenak. Herrera da horietako bat. Begira bestela alboko argazkiari; ez da atzo goizekoa!
Herrerako krosaren lehen lasterketa 1926ko azaroaren 21ean egin zuten, Herrera Sport klubak antolatuta. Irabazlea Fidel Acebal izan zen, Errenteriako Lagun Artea elkartekoa. Elkarteen arteko lehian, berriz, Añorga nagusitu zen.
Herrera Sport klubaren korrikalariak hauek izan ziren: Jose de Dios eta Francisco Zaldua federatuak, 20. eta 23. postuan heldu zirenak, hurrenez hurren. Baita Angel Etxeburua, Esteban Lacalle, Vicente Martinez, eta Sanchez ere.
Garai hartan, denboraldiko lehen lasterketa astebete aurretik Donostiako Fortuna klubak antolatu zuena izan zen eta bertan Herrera Sport elkartearen korrikalariek ere parte hartu zuten. Ordukoa da, hain zuzen ere,
Herrera Sport elkartearen lehen erreferentzia.
Hurrengo urtean, 1927ko abenduaren 22an, Herrerako krosaren bigarren lasterketaren txapelduna Migel Zialzeta izan zen, eta elkarteen arteko lehian Errenteriako Lagun Artea nagusitu zen.
Elkarte horrek irabazi zuen Herrerako zur-biltegiko nagusia zen Fernando Nicolas jaunak bost korrikalariko talde txapeldunei eskainitako garaikurra. Garaikur hori jasotzeko parte hartzaileek bi urte jarraian irabazi behar zuten lasterketa, edo hiru bider, aldizka.
Altzako Udalak, bestalde, sari berezi bat prestatu zuen hasiberrien atalean lehen postuan sailkatutako klubarentzat. Kasu honetan, Herrera Sport taldeak irabazi zuen.
Lehia honek ez duela nekerik dirudi. Ez dago zenbatzerik zenbat kilometro eginak izango diren dagoeneko Herrerako kaleetan barrena.
Izan ere, Herrera Sport klubak abiatutako bideari Herrera kirol elkarteak eman dio jarraipena orain arte, eta kirolzaleek gorriz borobiltzen duten eguna bihurtu da egutegian lasterketa eguna.
1981. urteaz geroztik, Iokin Intxausti Pipas-en omenez antolatu ohi du krosa Herrera kirol elkarteak.
Igandean egingo dute aurtengo norgehiagoka, 10:30ean abiatuko dira korrikalariak, San Luis plazatik. Kilometro eta erdiko zirkuituari lau itzuli eman beharko dizkiote, sei kilometroko ibilbidea osatuz.
Izen ematea zabalik dago.
Herrikrossa.com webgunearen bitartez edo Laister eta U-51 kirol dendetan egin daiteke. Baita egunean bertan ere.