Manifestazioaren atarian egindako agerraldia. (Argazkia: Satorralaia)
Joan den abenduan, kalera irten ziren Satarrolaia bizilagun elkarteko kideak, Donostiako Metroaren igarobidearen proiektua gelditzeko eskatzeko, “beharrezkoa ez delako”. Halaber, proiektuaren hasieratik antzeman duten “gardentasun falta” ere salatu zuten; izan ere, “jendearen interes eta premiei zuzenean eragiten dien proiektu horren inguruko erabakietan herritarrek parte hartzeko biderik ireki ez delako”.
Sei hilabete igaro dira ordutik, eta egoerak okerrera egin duela adierazi dute: “Ana Oregi, Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuak, ezikusiarena egin du, eta beste erakunde batzuek ez bezala, harekin biltzeko egin genion eskaerari erantzuteko ez du asmorik azaldu”.
Gainera, Metroaren igarobidearen proiektuaren bultzatzaileek egitasmoari buruz informazioa eman gabe segitzen dutela salatu dute. Era bereak, azaldu dutenez, obrak adjudikatzeko asmoz urratsak ematen jarraitzen dute, “gure ustez irregulartasunez beteriko prozesu bat garatuz: alegazioei erantzun aurretik azterketa-lanak esleitzea, Trenbideen arloko Lurralde Plan Sektorialean metroaren egitasmoa ez onartuta egotea, Ingurumen Eraginaren Deklarazio zaharkitu batez baliatzea…”.
Milaka sinadura
Duela aste batzuk ekin zioten Metroaren aurkako sinadura bilketari, eta dagoeneko milaka bizilagunek sinatu dutela esan dute. Eskariaren helburua da Metroaren lanak geldiaraztea eta aldundiari herri galdeketa bat egiteko eskatzea.
Horren harira, ekainaren 18an manifestazio bat egingo dute, Erdialdeko kaleetatik barrena,
Metroa gelditu, herriari galdetu lelopean. Hala, dei egiten diete herritar guztiei, datorren larunbatean, 12:00etan, Easo plazatik abiatuko den protestan parte hartzeko.
Bestalde, manifestazioa prestatzeko astelehenean, ekainak 13, batzar ireki bat antolatu dute, 19:00etan Amarako Eskoletan (sarrera, Larramendi kaletik).