Igandean egingo dute mendi martxa, 09:00etan; Jesus Mari Alquezar mendizale ezagunak egingo ditu gidari-lanak.
Industria gune bat eta saltoki handiak egiteko proiektuak direla eta,
Belartzako berdeguneak eta inguru naturala arriskuan dagoela salatu dute talde ekologistek eta bizilagunek. Igandean ibilaldi bat egingo dute Belartza ingurua ezagutzeko, eta herritarrei dei egin diete bertan parte hartzera. Goizean, 9:00etan, Errekaldeko tren-geltokitik abiatuko dira. Jesus Mari Alquezar mendizale ezagunak egingo ditu gidari-lanak.
Eguzki talde ekologistak antolatu du martxa. Berretsi du ulertezina dela Belartzan 20 hektareako industria gune bat egin nahi izatea, “kontuan hartuta 3 km-ra 70 hektarea dituen eta enpresa bat bera ere ez duen Eskuzaitzeta (Zubieta) industria gunea dagoela”. Donostiako Udalak lanak lizentziarik gabe hasteko baimena eman duela salatu du, Ingurumen Inpaktuaren inguruko nahitaezko azterlana egin gabe”. Azpimarratu du balio handiko gunea dela Belartza: “Natura, nekazaritza eta paisaia aldetik HAPOren (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) arabera, eta UNANUE Parkearen ondoan dago. Zergatik hainbesteko presa? Eraiki eta eraiki ari dira, eta gero zer?”.
Belartzako nekazaritza eremua desagertzeak dakartzan kalteak ugariak direla esan du: “Eremu honetan, 25 hegazti espezietik gora daude erroldatuta, horietako batzuk galzorian, hala nola, miru gorria, belatz handia edo ferra-saguzarra, eta belardiz eta baratzez osatutako landazabala era orekatuan nahasten da zuhaizti autoktonoekin, batez ere ibarretan. Paisaia oso ederra da, isurialde batetik Donostiako hondartza eta itsasoa ikusten dira, eta baita Mendizorrotz ere, eta beste isurialdetik, berriz, Adarra, Ernio eta Gipuzkoako eta Nafarroako mendi guztiak”.
Hau guztia bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute igandean ibilaldian arte hartzen dutenek, baita Unanue-Zar baserri zaharra eta Unanue haitzuloa.
IRUTXULOKO HITZA Belartza inguruko bi bizilagunekin bildu zen egoera bertatik bertara ezagutzeko, eta
erreportaje zabala argitaratu zuen Belartza 2 industria gunearen inguruan.