Kantatzen duten herri eta auzoak ez dira inoiz hilko!
Kantatzen duen herria ez dela inoiz hilko esan ohi da. Bada, Donostiako auzo eta herrietako jaietarako sortu diren abesti mordoari erreparatu ondoren, argi geratu zaigu ibilbide luzea egingo dutela!
Irudimena eta sormena barra-barra dutela erakutsi dute, bai hitzak eta bai musika sortzerakoan: bertsoak, rapa, ska, reggaea edo rocka. Askotariko kantak aurkitu ditugu jaietarako ereserkien artean. Intxaurrondokoek sortu zuten lehen kanta, 90eko hamarkada inguruan. Auzo kantuzaleen zerrendan sartu den azken auzoa Bidebieta izan da. Raparen erritmoan murgildu, eta auzoaren 50 urteko historiaren pasarte batzuk ekarri dituzte gogora.
Auzoetako ereserki hauek kantak baino gehiago dira. Auzotarrak elkartu, eta auzoa egiteko helburuarekin sortu dira liburuxka honetan bildu ditugunak. Izan ere, ba al da bizipoza zabaldu eta jai giroa pizteko modu hoberik? Lotsak alde batera utzi, tonua galtzeko beldurra galdu eta festa berotzeko aitzakia ederra dira kanta hauek!
Espero dugu liburuxka honekin oraindik jaietako abestirik ez duten jaietakoak animatzea, eta hurrengo urterako ereserki bila hastea! Oraindik badira eta, kanturik ez dutenak!
Kantu, dantza, irri eta algaraz bete daitezela jaiak! Kantuz iragan ditzatela gau eta egunak!